Kutsadura atmosferikoagatik kezkatuta udal taldeak

Anboto 2007ko ots. 1a, 13:32

Kutsadura atmosferikoagatiko arduran bat etorri dira alderdiak Urtarrilaren 26ko udalbatzan, aho batez, Durangoko airearen kalitate faltari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra nabarmen agertu dute eta.

Kutsadura atmosferikoagatiko arduran bat etorri dira alderdiak
Urtarrilaren 26ko udalbatzan, aho batez, Durangoko airearen kalitate
faltari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra nabarmen agertu dute eta.

Iazko ikasturtean ere, Durangoko airearen kalitateak arduratuta, mozioa aurkeztu zuen Aralar alderdiak, araudia ez dela betetzen uste dutelako. Airearen kalitatearen kudeaketa eta ebaluaketarako neurriak adostea proposatu zien gainerako alderdi politikoei. Izan ere, 2005. urteko datuek azaltzen dutenez, airean dauden elementu kutsatzaileen zenbatekoa 2002ko errege dekretu batek ezarritakoa baino 35 aldiz handiagoa da.

Datu kezkagarri horien berri jakin zenean, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailari ekintza plan bat bideratzea eskatu zitzaion. Gaia berriro ere eztabaidara ekartzeko, eta Durangoko airearen kalitatea bere onera bueltatzen laguntzeko hartu beharreko neurriak adostea da orain helburua.
Duela urte biko datu kaskarrak begi bistan izanda, amaitu barri den 2006ko datuak zabaltzeko eskaria egin zuen Durangoko Udalak. Durangon 2006. urtean zehar neurtzaile finko eta mugikorrek airean dauden partikula kutsatzaileen gaineko neurketen emaitzak jakinaraztea da lehenengoko eskaria.

Bigarrenik, eta egoera aldatzen hasi ahal izateko, ekintza plan bat argitara ematea onartu dute Durangoko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek. Ekintza plan horretan, udalbatza horretan esandakoak praktikara eramateko jarraibideak jaso beharko dituzte; baita egutegi eta epeak ere. Bestalde, eta kontuan izanda Durangoko airearen kutsaduraren zati handi baten erantzule direla, enpresei buruzko informazioa eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailari. Industri kopuru handiak eta herria inguratzen duten errepideetan batzen den trafikoak kaltetzen du gehien arnasten dugun airea. Jaurlaritzak azaldutakoaren arabera, trafikoa da airean kutsadura gehien eragiten duena.

Durangoko airean dagoen kutsadura-mailak arduratuta, neurri zehatzak hartzeko konpromisoa hartu dute urtarrilaren 26ko udalbatzan Durangoko EAJ-EA, PSE-EE, Aralar, talde mistoa, Ezker Batua, PP eta Mugarrak.
Udalbatzan abiatutako bidetik, kutsadura gutxiago sortzeko moduak topatu behar dira Durangon; garraio publikoa erabili eta industria arloko enpresek guztion kalterako kutsatzeari uztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!