Turismo Bulegoak 4.800 kontsultatik gora erantzun ditu azkeneko urtean

Anboto 2007ko ots. 1a, 12:10

Durangoko Turismo Bulegora 2.704 bisitari hurbildu dira amaitu berri den urtean; era berean, informazioa zabaltzeko jarritako erakustokietan 2.123 kontsultari erantzun zaie: esaterako, 41. Euskal Liburu eta Disko Azokan edo Expomedina 2006 Merkataritza, Industria eta Turismoaren Erakustaldi sektore-anitzean. Horixe jakin eragin dute Alazne Santurtun eta Natalia Naberanek arduradunek. Abuztutik abendura bitartean, gainera, bikoiztu egin dira bisitariak, 2005arekin parekatuta: iaz, 1.694 lagun izan ziren; 2005ean, 887.

Durangoko Turismo Bulegora 2.704 bisitari hurbildu dira amaitu berri den urtean; era berean, informazioa zabaltzeko jarritako erakustokietan 2.123 kontsultari erantzun zaie: esaterako, 41. Euskal Liburu eta Disko Azokan edo Expomedina 2006 Merkataritza, Industria eta Turismoaren Erakustaldi sektore-anitzean. Horixe jakin eragin dute Alazne Santurtun eta Natalia Naberanek arduradunek. Abuztutik abendura bitartean, gainera, bikoiztu egin dira bisitariak, 2005arekin parekatuta: iaz, 1.694 lagun izan ziren; 2005ean, 887 lagun.

Abuztuan hurreratu da jenderik gehien —opor sasoia izateak eraginda—, 589 kontsultari erantzunez; ondoren, urrian, 334 lagun hurreratu ziren informazio bila: "Orduan izan dira Sanfaustoak eta Ondarearen Europako Jardunaldiak ere. Aldiz, urtarrila eta otsailean etorri da jende gutxien: 65 eta 64 lagun, hurrenez hurren". Bai Turismo Bulegora bai azoketan jarritako erakustokietara 30-70 urte bitartekoak hurreratu dira, batez ere—hurrenez hurren, %71 eta %46—; atzetik datoz, 15-30 urte bitartekoak.

Hainbat jatorri

Bisitarien jatorria eta bertaratzeko arrazoiak asko izan dira. Turismo Bulegora Nafarroatik eta Estatu Espainiarretik hurreratu da jenderik gehien, %33; durangarrak izan dira %30 eta EAEkoak %24. Frantzia, Italia, Alemania, Britainia Handia, AEBetatik… ere etorri dira (%12). "Azoketan, berriz, EAEkoak %60 izan dira —euskal liburu eta disko azokara jendetza handia hurreratu da— eta durangarrak %14,41. Estatu Espainiarrekoak, aldiz, %24. Expomedinan egon izanak eragin du azken datu horretan".

Ibilbideak egin guran hurbildu ei dira durangarrak; oro har, EAEkoak ere bai, baina horiek,  baita lan arrazoiengatik ere. Gainerakoak, arrazoi turistikoengatik. Eskatutako informazioa, berriz, Durangori ez eze, Euskal Herriari buruzkoa izan da. "Beste herrialdeei buruzko Bidaitxoko informaziorako ekimenak ere harrera ona dauka".

Kalitate araua

Bisitariari "kalitatezko" zerbitzua eskaini guran, Turismo Bulegoan Kalitate Araua dute oinarri, azaldu dutenez, eta hori lortzeko metodologia lantzen dihardute. "Jatorritik hona datozen arte zaindu gura da kalitatea. Etxera bueltatuta ere, inoiz, galdetu dugu zelan joan dena".




Kalitatea sustatu guran, eskualde ikuspegia ez eze

Durangoko Turismo Bulegoaren helburua, informazio turistikoa eta hainbat baliabide eskaintzea da (jatetxeak, lo egiteko lekua…), kalitate arauari begira: "Era berean, edozelako galderari erantzuteko datu base bizia eratu dugu". Besteren artean, Durangoko Pasinoan, Euskal Astean edo Erkidegoen Jaialdian ere parte hartu du Turismo Bulegoak; hirian bisita gidatuak ere eratu dituzte.

Durangoko Udalak apustu nagusi bi ditu turismoarekin lotuta, azaldu dutenez. Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko jorratutako bideari eustea da lehenengoa. Azpiegiturak hobetu eta ordutegia zabaldu dela gogoratu dute; aurrera begira, Turismo Bulegoa Lariz Torrera igarotzeko konpromisoa hartu ei dute: "Hirigunean legoke, eraikin historiko batean. Horrek eragina izango du". Bigarrena, eskualdeko ikuspegia lortzea litzake: "Guk inguruko Udalen ahalegina behar dugu, eta eurek geurea ere bai. Bide horretan, ekimen eta bide berriak bultzatuko ditugu", dio Aitziber Irigoras alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!