Bakerako eztabaida foroak hasiko dira otsailean

Anboto 2007ko urt. 30a, 14:38
Otsailean abiatuko dituzte bakerako eztabaida foroak, Durangon. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 14 udalerrik parte hartuko dute "bakerako bidean herritarren parte hartzea bideratu, indartu eta erraztu" guran, eta EUDEL eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, martxan jarriko diren bakerako eta normalizazio politikorako elkarrizketa foroetan. Tartean Bilbao, Gasteiz eta Donostia ere badira.
Otsailean abiatuko dituzte bakerako eztabaida foroak, Durangon. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 14 udalerrik parte hartuko dute "bakerako bidean herritarren parte hartzea bideratu, indartu eta erraztu" guran, eta EUDEL eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, martxan jarriko diren bakerako eta normalizazio politikorako elkarrizketa foroetan. Tartean Bilbao, Gasteiz eta Donostia ere badira.

Juan Jose Ziarrusta alkateak azaldu duenez, Durangoko "politika espektro zabala" ordezkatuko duen 20-25 laguneko taldea osatu gura da: "hala ere, hainbat elkarteko ordezkari legez batuko dira, eta ez alderdi bateri lotuta. Izan daiteke, esaterako Tokiko Agenda 21eko foroetan edota bestelakoetan parte hartzen dutenak kontua hartzea. Aniztasuna bilatzen dugu". Nabarmendu du politikoek ez dutela parte hartzerik izango, "ikusle soilak izatera mugatuko gara". Azken legegintzaldian elkarbizitzari lotuta garatutako ekimenen berria azaltzearekin batera eman du foro horien berri alkateak.

Ziarrustak azaldu moduan, asmoa da planteatuko diren galdera batzuen gainean hausnartzea. Horretarako ordu bi izango dituzte. Elkartegian batuko dira eta zuzeneko itzulpena egongo da. Bakerako eztabaida foroak osatu eta martxan jartzeko proposamena Bozeramale Batzordeari luzatu dio Durangoko alkateak: "ez dut, baina, erantzunik jaso". Horren aurrean aukera lez aitatu du batzorde mistoa sortzea lan horretarako — Gobernu Taldea eta Udaleko arlo desberdinetako teknikariak—. Ekimenean, EAJ eta EAko alkatetzak daude, Donostiako kasua salbu.

Bakerako eztabaida foro horietan batutako ekarpen guztiak jasota egingo den txosten teknikoa instituzio eta alderdi politikoei helaraziko zaie. Ziarrustak azaldu duenez, otsailean foro bakarra egingo da eta gero hauteskundeak igaro arteko etena egongo da.

Mila Bider egitasmoa

Bestalde, Mila Bider egitasmoan ere badihardutela lanean azaldu du Ziarrustak, Jaurlaritzaren laguntzarekin eta Baketik kolektiboaren parte hartzearekin sortutakoa. Adierazi duenez, gatazkak konpontzeko prestatuta dauden 100 agente sortzea da asmoa, "erronka garrantzitsua" nabarmendu legez. Formazioa eta trebakuntza da helburua eta litekeena da taldeok ere Elkartegian batzea. Martxoan abiatu gura da egitasmoa eta ikastaroak apirilean hastea.

Elkarbizitzari lotuta sortutako ekimenen artean, erkidegoan Jaialdia edota Gerra Zibilaren eraginez sortutako zaurien ondorioz, adiskidetzea bilatzeko emandako "urratsak" aitatu ditu Ziarrustak, adibidez, gazteak bake baloreetan prestatzekoa (Durango, Dressden eta Coventry). Baita gaur PSE-EE, PP, EAJ eta EB-Berdeak taldeen baiezko botoarekin onartutako mozioa ere. Durangon hil dituen "terrorismoaren biktimen memorian errekonozimendu ekintza eta omenaldia" egitea batzen duena. Aurka egin dute Mugarrak eta Talde Mistoak eta abstenitu egin dira Aralar eta EA. Idatziak batzen du "terrorismoak hildakoen memoria eta gogorapena edukitzeko helburu berberarekin, une bakoitzean komeniko den eran ekimena urtero egitea" eta parte hartzera deitzen du. Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Zuzendaritzatik jasotakoa da mozioa, Bakea eta Elkarbizitzarako Planaren barruan kokatzen dena.

Alde batekoak eta bestekoak

Talde Mistoak "lotsagarritzat" jo du mozioa. Aralarrek, berriz, gogoratu du "elkarbizitzarako oinarriak ezartzea" eskatzen duela gizarteak: "gatazka politikoa onartu beharra dago". EAk bere aldetik uste du "edukia duela faltan". Mozioarekin ados egon arren, dioenez, "terrorismoa ez da ETAren esklusibitatea. Hor izan dira Batallon Vasco Español, TripleA eta estatuko terrorismoa deitutako GAL. Bidegabekeri fisko eta psikologikoak jasaten dituenak ere badira biktimak: torturak jasaten dituenak, zigorraren 3/4 beteta kanpoak beharko luketenak, dispertsioaren lega, Alderdien Legea… hor dira".

PSE-EE "biktimekiko errekonozimendua eskasa" izan dela adierazi du eta PPk gaineratu, "berandu datorrela baina hobe etortzea" . EB-Berdeaken berbekin bat egin du EAJ-EAk. Azaldu du, "bestelako biolentzia ere badagoela ahaztu gabe, gizartean beste horiek errekonozimendu gehiago izan dute".
Mugarrak ez du ezelango adierazpenik egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!