
Kulturalak ez ditu uzta moduan zaindu behar diren puntuak erregulartasunez bildu. Gorago dagoen maila batetik datorren taldea dela kontutan hartuta, harrotasun puntu batekin begiratzen zion etorkizunari hirugarren maila honetan. “Liga hasi aurretik, partidak erraztasunez irabaziko genituela uste genuen, beharbada baikorregiak ginen garai hartan”, onartu zuen Ricardo Txintxurretak Anboto Irratian egindako elkarrizketan.
Tabirako zale batzuk hasi dira arduratzen. Lehenengo itzulia bukatzeko jardunaldi bat gelditzen denean, hiru garaipen baino ez ditu lortu taldeak; horietako bi etxean. Beraz, Durangon eskainitako irudia ez da ona izan. Horrek kulturalzalerik zorrotzenak urduritu egin ditu.
Amorebietaren kontra, kale
Datuak gainbegiratuz, esan genezake zera dela aipagarriena: Kulturalak zazpi jardunaldi eman dituela garaipenik lortu gabe. Azkeneko porrota Amorebietaren aurka izan zen, joan zen asteburuan. Durangarrek lagun-zahar bat izan zuten “borrero”: Iker Bilbao “Judas”. Arratiako aurrelariak partida ezin hobea egin zuen; gola egin eta defentsa behin eta berriz estutasunean jarri zuen.
Kontutan hartu behar dugu Ricardo Txintxurretak Tabirako aulkian egin dituen azken urteetan, hasi baino hobeto bukatu dituela hainbat liga. Beraz, larregi urduritu aurretik, itxaron egin beharko da, ea Oromiñokoak taldea zuzentzeko gakoa topatzen duen. Hala ere, mirari bat suertatu ezean, agur esan diogu igoera faseari.