Nietzsche etzi San Agustinen

Anboto 2007ko urt. 11a, 12:55
Urtarril, otsail eta martxoko antzerki programazioa aurkeztu du San Agustinek.
Urtarril, otsail eta martxoko antzerki programazioa aurkeztu du San Agustinek –Durangoko kultur gune esanguratsuak, ez filosofoak-. Aurkezpenean jakinarazi dutenez, urte honetako lehenengo hiru hilabeteetan, antzerki eskaintza zabala izango da, eta hasiak omen dira San Agustineko bazkide direnei eta horrela eskatu duten guztiei programa etxera bidaltzen.

Nabarmendu dutenez, urteko lehenengo hilabetean kalitatezko ikuskizunekin beteko da San Agustineko eszenatokia. Orain falta dena, eserlekuak ere jendez betetzea da, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte Euskal Herriko, Espainiar Estatuko eta nazioarteko punta-puntako taldeekin gozatzera. Aurkezpenean nabarmendu zituzten ikuskizunak Markeliñeren Txitxarra eta inurria eta Txalo produkzioaken Artea dira. Lehenengoa urtarrilaren 21ean izango da, eta Arantza Arrazola arduradunak azaldu zuenez, bizitzaren aurrean jarrera ezberdin biren inguruan eraiki zuen La Fontainek. Ikuskizuna 5 urtetik gorako umeentzat ezin egokiagoa da.

Artea aldiz, arrakasta handiko antzezlanaren euskarazko bertsioa da, Yasmina Rezaren testuan oinarritua. Artearen inguruko koadroa marraztuko dutenak, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Ramon Agirre aktore ezagunak dira.

Friedrich Nietzche filisofoaren azkenengo egunak, eta beronen filosofia eta pentsamendua, aldiz, bihar, iluntzeko zortzietan izango dira San Agustinen. Demasiado humano izena duen antzerki emanaldiak abiatuko du urte berriko antzerki emankizunen eskaintza. Demasiado humano Jaime Romo bizkaitarraren izen bereko testuan oinarritutako lana da, 2005ean Lope de Vega sarien antzerki alorreko saria jaso zuena; Madrilen saritua, beraz.





Madrilen saritua eta Mostolesko antzoki batean antzeztu zutena lehenengoz; 700 pertsonaren aurrean aurkeztu ere. Obraren zuzendariak,“oso ondo pasatu dugu, negar mordoa egin dugu eta…” entzun omen zuen ikusleren baten ahotik. Madrilen ekoitzia da antzezlana, nahiz eta lan-taldeko partaideetariko asko euskaldunak diren, eta bat edo beste durangarra ere bai. antzezle lanetan Madrilera aldendurikoa da, adibidez, Nietzscheren papera egiten duen durangarra, Alfonso Torregrosa aktorea da.

Mikel Gomez de Segura zuzendariaren, Traspasos konpainiaren eta goi-mailako zazpi antzezleren gorputz eta begietatik ikusi eta bizitzeko antzerki bilakatu da Demasiado humano, Nietzche filosofoaren figura gure artera dakarrena.

Pentsamenduaren manipulazioari buruzko gogoeta, filosofoaren bizitzako azken urteen inguruko fikzioa da. Diotenez, 1889an, filosofo ororen burutik igarotakoa pasatu zitzaion Nietzcheri: zoroarena egitea. Izan ere, biziegia, argiegia, komikoegia, zintzoegia izanda, nahi izan zuen eran bizi eta hil zen. Hain zuzen ere, protagonista hiltzen denean egiten omen da barrerik gehien Demasiado humano ikusterakoan, eta entzuterakoan. Ikuskizunean entzuten dena, Torregrosa eta beste aktoreen ahots kitzikagarriak ez ezik, Doctor Deseo taldeko Aitor Agirianok sortutako musika ere bada.

San Agustineko antzerki aro berriko lehenengoak bukaera harrigarria eta sekula ikusi gabekoa ei du; ikusleak orain gozatzekoa, gerora egin ahal izango duenentz ez baita segurua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!