Euskara eta kirola bosgarrenez batuko ditu Jakaren omenezko lasterketak

Anboto 2006ko aza. 30a, 12:09
Joseba Jakaren omenezko herri-lasterketak hamarkada erdia egin du aurten. Helburuak, urtero legez, “euskara eta kirola elkartuz euskara bultzatzea, eta besteak beste, Liburu eta Disko Azokako sortzaileetako bat izan zen Joseba Jaka kirolzale eta euskaltzalea omentzea dira”, Kike Zurutuza Berria egunkariko sustapen arduradunak aurkezpen ekitaldian gogoratu zuenez. Antolatu, berriz, Berriaren, Bidezabalen eta Mugarra kirol taldearen ekimenez antolatu da.
Joseba Jakaren omenezko herri-lasterketak hamarkada erdia egin du aurten. Helburuak, urtero legez, “euskara eta kirola elkartuz euskara bultzatzea, eta besteak beste, Liburu eta Disko Azokako sortzaileetako bat izan zen Joseba Jaka kirolzale eta euskaltzalea omentzea dira”, Kike Zurutuza Berria egunkariko sustapen arduradunak aurkezpen ekitaldian gogoratu zuenez. Antolatu, berriz, Berriaren, Bidezabalen eta Mugarra kirol taldearen ekimenez antolatu da.

Nagusien mailako lasterketa abenduaren 10ean  izango da, 11:45ean hasita. Ezkurdi kaleko lanek ibilbidea apur bat moldarazi duten arren, ora har, urteroko bidea korrituko dute parte-hartzaileek. Aldaketa aipagarri bakarra hastapen eta helmugaratze puntuak dira; San Agustinalde kaletik irten eta Ezkurdin amaituko da. Ondorioz,  garai bateko Eroskitik pasatuko da. Aurtengo aldia, obrek baldintzatu duten neurrian, “aro oparoago baterako trantsizio” legez definitzen du Zurutuzak: “Datorren urtean, lanen trabarik gabe, herri lasterketak goranzko bidea hasiko du berriz, maila guztietan”.

Lasterketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 7ra arte dute izena emateko epea. Durangon, honako puntu hauetan apuntatu daiteke: Garcia-Ariño eta Kevin kirol-dendetan, eta Plateruenean.  Durangotik kanpora, berriz, Zornotzako Sarasketa eta Bilboko Bikila kirol-dendetan eman daiteke izena. Lasterketa eguna baino lehenago, izen-ematea sei euro izango da, eta egunean bertan, zortzi euro. Parte-hartzaile guztiei kukuxumuxuko kamiseta bana oparituko diete.

Gazteen lasterketa


Inguruetako ikastetxeetako gazteek ere izango dute herri lasterketan izerditzeko aukera: “Guztira, 600 bat gaztetxo batuko dira. Durangoko, Otxandioko, Elorrioko eta Berrizko ikastetxeetakoak dira gehienak, eta Zornotzakoak ere badaude. Oso eremu zabala hartzea lortu dugu”, zehaztu zuen Zurutuzak.

Adin tartearen arabera, lau multzotan irtengo dira, nagusien lasterketa hasi baino lehenago: gazteenak 10:30ean hasiko dira korrika eta 600 bat metroko bidea osatuko dute; kimuak 10 minutu beranduago irten eta 1.200 metrotan zehar aterako dute zapatilla hotsa; jarraian, haurren eta neska kadeteen txanda izango da; ikasleen parte-hartzea mutilen kadeteek itxiko dute,  bi kilometro eta erdiko bidea eginda. Parte-hartzaile guztien artean Port Abenturara joateko lau eguneko bidaia egingo dute zotz.

Aurkezpen ekitaldian Ander Gorrotxategi izan zen Udaleko ordezkari moduan, eta “euskara ardatz hartuta, lasterketa jai giroan gauzatzea” desio dutela adierazi zuen.


Puntako bertso saioa gozagarri, Plateruenean

Herri-lasterketa baino lau egun lehenago, abenduaren 6an, puntako bertso saioarekin gozatzeko aukera izango dugu Plateruenean. Berria egunkariak antolatuta, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean aritutako hiru lagunek jardungo dute bertsotan: Unai Iturriagak, Jon Maiak eta Sustrai Colinak. Saioa 14:00etan hasiko da eta bertsolariak librean arituko dira. Sarrera doakoa da.

Orain urte bi hasi ziren ekimen honekin. Hasieran lasterketaren osagarri soila zenak indar eta nortasun propioa hartu ditu, eta ondorioz,  aparteko egun batean antolatzea erabaki dute: “Herri-lasterketa da guztiaren muina, baina denboraren joanean, bertso saioak bere txokoa egin du. Nolanahi ere, testuingurua eta bete nahi dituen helburuak berberak dira".

Egun horretan, eta Joseba Jakaren omenezko ekimenetik kanpora, beste hitzordu gomendagarri baten gune ere bihurtuko da Plateruena. 22:30etik aurrera, Nabarra eta Gaztetxulo aldizkariek 69 alera iritsi izana ospatuko dute gau gori-gori batean. Kerobia eta Stupenda Jones taldeen kontzertuaren ondoren, Selektah Sound System, Aritz Sound System eta DZ ariko dira gaua tekno musikaz girotzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!