Sapuherri eta euskal boleibola larri dabiltza

Anboto 2006ko aza. 30a, 12:46
Sapuherri boleibol taldeak Euskal Herriko Lehen Mailan orain arte egindako lanaz hitz egiteko elkartu ginen Iñigo Cañete entrenatzaile eta jokalariarekin, baina, emaitza batzuen baloraziotik haratago, solasaldiak hausnarketa latzagoak utzi zizkigun. Sapueherri taldearen eta, oro har, Euskal Herriko gizonezkoen boleibolaren etorkizuna “oso beltza” baita, Cañeteren esanetan.
Sapuherri boleibol taldeak Euskal Herriko Lehen Mailan orain arte egindako lanaz hitz egiteko elkartu ginen Iñigo Cañete entrenatzaile eta jokalariarekin, baina, emaitza batzuen baloraziotik haratago, solasaldiak hausnarketa latzagoak utzi zizkigun. Sapueherri taldearen eta, oro har, Euskal Herriko gizonezkoen boleibolaren etorkizuna “oso beltza” baita, Cañeteren esanetan.

Durangoko taldeari dagokionez, bai kirol arloan bai taldearen egituran, bietan dituzte arazoak. Ligan orain arteko bost partidak galdu dituzte, nahiz eta batzuk justuan izan: “Iaz taldea jokalari baten inguruan antolatu genuen, eta ederki aritu ginen. Ligan hirugarren amaitu genuen. Jokalari hori falta zenean ere, bagenuen ordezko bat eta taldea ez zen hausten. Aurten, ordea, lehenengoa falta eta bigarrenarekin ez gara moldatu. Orain, planteamendua birmoldatzen gabiltza, eta maila eduki arren denbora behar dugu. Berde samar gaude”.

Bestalde, Sapuherriren egiturak iraungipen data du. Jende berririk batu ezin, eta daudenak taldea uzten ari dira. Hiru jokalarik 40 urtetik gora dituzte, eta beste hiruk taldea utzi dute: “Diru--laguntza txikiak dauzkagu, taldeak, nahitaez, inplikazioa eskatzen du… azkenean, jendea nekatu egiten da. Dena dela, okerrena errelebo falta da. Eta ez dakit irtenbidea non egon daitekeen”.

Euskal Herriko boleibolaren panorama ez da hobea. Urterik urte, talde kopurua txikitzen joan da. Orain urte batzuk liga bi eta hamabost talde bazeuden, gaur egun, liga bakarra eta bederatzi talde daude. Gainera, harrobia lantzen duten talde bakarrak Cabezal de la Sal eta Hernani dira. Rekalde ere, indar gutxiagoz, baina badabil lanean. Liga Euskal Herrikoa den arren, hemengo zein kanpoko taldeek osatzen dute.

Hori guztia kontuan hartuta, datorren urtean ligarik izango ote den ere zalantzan jartzen du Cañetek, eta Euskal Herriko Boleibol Federazioari erantzukizuna eskatzen dio: “Egoera okerrerantz zihoala orain urte batzuk ere ikusten zen, baina Federazioak ez zuen neurririk hartu. Ezin zela ezer egin eta ideia berriak sortzeari utzi egin zion. Epaileak ere falta dira, eta horiek bilatzeko edo hezteko ez da ezer egin”.

Emakumeen taldea

Emakumeetan egoera itxaropentsuagoa da. Garai batean hiru talde zeuden, eta desagertu egin ziren. Baina gaur egun, senior mailako talde berri eta boleibolean bat ere esperientziarik gabeko bat entrenatzen hasiko da Cañete. Sei jokalari daude, oraingoz: “Atea zabalik dugu. Taldera batu nahi duten guztiek Landako Kiroldegian aurkituko gaituzte”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!