Molotov koktelak jaurti dizkiete Durangoko bost kutxazaini

Anboto 2006ko abe. 10a, 06:00
Durangoko hainbat banketxeri eta kutxazaini eraso egin diete. Liskarrak, larunbat gauan, 23:15ak aldera hasi ziren. Erasoetan molotov koktelak jaurti zituzten hainbat lagunek. Zauriturik izan ez den arren, lagun bat artatu dute urduritasun arazoengatik.

Durangoko hainbat banketxeri eta kutxazaini eraso egin diete. Liskarrak, larunbat gauan, 23:15ak aldera hasi ziren. Erasoetan molotov koktelak jaurti zituzten hainbat lagunek. Zauriturik izan ez den arren, lagun bat artatu dute urduritasun arazoengatik.

BBK-k, Banco de Vasconiak, Banco Santander Central Hispano (BSCH) eta Bankoak Durangon dituzten bost kutxazaini eraso egin diete hainbat lagunek gau honetan. Banketxeez gainera, Txiki Otaegi plazako Posta bulegoa izandako egoitza ere erasotu dute. Liskarrak, 23:15ak aldera hasi dira. Emandako informazioaren arabera ordu horretan hasi da Ertzaintzak deiak jasotzen gertatuaren berri emateko.

Bankoak San Agustinalde kalean duen bulegoa molotov koktelak jaurtiz eraso dute. Kalteak izan dira fatxadan eta goiko pisuko pertsianan.

Goienkalen, berriz, BBK-k duen egoitzari eraso diote. Momentu horretan kalea jentez gainezka zegoen arren, koktelak jaurti dituzte bi kutxazainaren kontra. Kalte material handiak izan dira eta goiko pisuan bizi den bikotea atera behar izan dute etxetik, erasoak eragindako sutearen ondorioz. Udaltzainek sua itzaltzen saiatu diren arren, azkenean banketxearen sarrera osoa hartu du suak eta suhiltzaileak joan behar izan dira. Sua itzali eta gero, Ertzaintzak Goienkale eta Zeharkaleko bidea itxi du, jentea Kalebarrira eta Artekalera bideratuz.

Horrez gain, Ezkurdi kalean kokatutako Banco de Vasconiaren bulegoaren kanpoaldea ere kaltetua izan da eta baita Andra Mariko Banco Santander Central Hispanoren kutxazaina ere.

Garai batean posta bulegoa izandakoari ere koktelak bota dizkiote (Txiki Otaegi plaza). Suhiltzaileek sua itzali dute, baina kanpoko pertsiana eta fatxada belztuta geratu dira. Ez da lehenengo aldia posta bulegoa izandakoaren egoitzari erasotzen diotela.

Ertzaintzak emandako datuen arabera, erasoetan ez da inor zauritu, baina anbulantzia batek pertsona bat artatu behar izan du urduritasun arazoengatik.

KOMUNIKATUA

Asteburuan izandako istiluen aurrean, Durango Udaleko Bozeramale Batzordeak idatzia kaleratu du.

Euskal Liburu eta Disko Azokak Euskal Herriko aldarrikapen guztien gunea bihurtu da egunotan. Berez, Batzorde honen arabera, ez da txarra, baldin eta edizio honetan gertatu diren ondorioak ematen ez badira. Izan ere, abenduaren 4tik aurrera hainbat gertaera edo liskar izan dira Durangon.

Alde Zaharrean, esaterako, "AHT gelditu" aldarriekin pintadak egin ziren, horren garbiketak dakarren gastuarekin.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren liburuen erakusketaren kontra pintura jaurti zuten, Landako Gunera sartzeko boikot ekintzak burutu eta pintadak egin ziren Landako Gunea eta Elkartegiaren instalazioetan. Batzokia eta beste zenbait eraikinak ere erasotuak izan dira. Bestalde, Udalak inauguratu berri duen Arrese Beitia olerkariaren irudiaren kontra ere egin dute hainbat lagunek. Batzordearen esanetan, "egunotan urian izan diren aldarrikapenekin identifikatutako taldeak" izan dira istilu hauen egileak.

Bozeramale Batzordeak uriko bost kutxazainen erasoa ere kritikatu du. Zauriturik izan ez den arren, kalte materialak oso altuak izan dira.

Ekintza larri hauen aurrean, Durangoko Udaleko Bozeramale Batzordeak "adierazpen askatasuna modu fasxista" honetan erabiltzearen aurka baliabiderik ez dituela nabarmendu du, horregaitik herritarrei ekintzak hauek publikoki gaitzesteko eskatu die. Kaltetutako entitate eta lagunei euren elkartasuna erakutsi die Udalak.

ARALAR ALDERDIAREN IDATZIA


Durangoko Aralar alderdiak ez du Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adostutako testua sinatu. Horren haritik, alderdiak puntualizazio batzuk egin ditu.

"Aipatutako testuan, larunbat gauean gertatutako kale borrokako ekintzak salatzeaz gainera, jaiegun hauetan egondako beste hainbat gertaera ere aipatzen ziren. Horien artean asteburuan zehar gertatutako hainbat margotze eta abenduaren 5ean AHTren aurkako protesta legez, Goienkale erdian irudikatu zen 'trenbidea'".

"Bozeramaileen batzordean egoki ikusi genuen, aipatutako margotzeak kontuan hartzea Durangoko Azokari buruzko ebaluaketa bat egiterako orduan. Hiritarrei zer nolako kostua sortarazi duten azalduz, gaitzetsiz, baina larunbatean jazotako bestelako gertakariekin nahastu gabe. Ekintza hauek, motibazio eta ondorio zeharo desberdinak dauzkate. Hormak margotzea, ontzat edo txartzat jo dezakegu, baina mehatxu edo irainik ezean (dakigula ez da horrelakorik gertatu), guretzat ez dira bortxazko ekintzak. Gainera oso arriskutsua iruditzen zaigu bide horretatik jotzea. Guztiz zilegiak diren protestak eta horiek bideratzeko moduak kriminalizatzeko asmoa ikusten baitugu".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!