Horixe diote Juan Jose Ziarrusta alkateak eta Landako Erakustazokako kudeatzaile Ainhoa Etxezarretak: “Gutxienez, lau orduan (lan-orduetan) autoa uzteko aparkaleku premiari erantzun gura diogu, hirigunetik gertu, eta TAO gunean baino merkeago”. Komertzioen bezeroen beharrei ere erantzun gura die.
Landako Erakustazoka S.A.-k kudeatuta, astelehenetik barikura, 07:00etatik 21:00etara izango da zabalik ordaindutako aparkaleku publikoa; zapatuetan, berriz, 08:00etatik 15:00etara. Hala ere, gertakizun zehatzetan zapatu arratsalde zein domeketan zabaltzea ere aurreikusita dago. Zaintzadun txandakako aparkaleku horrek 180 leku libre eskainiko ditu; 40 gordeko dituzte Udalak eta Azpiegiturak (zerbitzua ematen dien enpresentzat). Gauez itxita egongo da: “Baina zelan doan ikusita, aztertu beharreko aukera da hori ere. Hiru hileko proba-epea jarri dugu, eta benetako eskaera badago, aztertuko da; zaintza gabe, beti ere”.

Hainbat aukera
Lehenengo 15 minutuak 0,95 euro ordainduko dira, eta, hortik abiatuta, minutuko 0,01 gehituko da: ordubetea 1,40 euro izango da, ordu bi 2 euro, 4 ordu 3,20 euro edota 8 ordu, 5,60 euro; 12 ordutik aurrera 8 euro. Ibilgailuaren matrikularekin lotuta, behin-behineko abonatuak ere egon daitezke: “Adibidez, hilean leku baterako eskubidea izango da 90 eurogatik, zehaztutako ordutegian eta gura denean”.
Bestetik, txartel desberdinak egongo dira: doaneko aurre-salmenta txartela (doaneko ekintza puntual bat dagoenerako) edo aurre-ordainketa txartela (aurretiaz ordainduko ilaran itxaron gabe). Azokari begira, Gerediagak banatzekoak eta komertzio-txartelak ere badira : “Merkataritza elkarteekin aztertu eta negoziatu behar dugu hori”.
Informazioa: 94 603 24 30 edo www.landakogunea.com