Hamarretik hamar irabazi ditu Anbotopekok

Anboto 2006ko abe. 14a, 16:09
Saskibaloiko Lehenengo Erregional Mailak nagusi argi bat du aurten: Anbotopeko. Orain arteko hamar partidak irabazi dituzte eta Autonomia Arteko Mailara igotzeko hautagai nagusiak dira.
Saskibaloiko Lehenengo Erregional Mailak nagusi argi bat du aurten: Anbotopeko. Orain arteko hamar partidak irabazi dituzte eta Autonomia Arteko Mailara igotzeko hautagai nagusiak dira.

Partidak joko erasokorraren bidez erabakitzen dituzte, “kalitatezko jokalariak baititugu”, Maren Hormaetxea entrenatzailearen esanetan: “Goragoko mailetan aritutakoak dira bat baino gehiago, eta hori igarri egiten da. Ez gara talde ikaragarri taktikoa; baina erasoan baliabide ugari dugu, jokalarien kalitateagatik”.

Argazkia: Iban GorritiHoriek horrela, partidetan erritmo bizia jartzen saiatzen dira, bai baitakite joan-etorri azkarretan aurkariak baino eraginkortasun handiagoa izango dutela. Hamar partidatan 767 puntu egin dituzte; sailkapenean bigarren dagoen Galdakaok baino 153 gehiago, eta punturik gehien lortu duen bigarrena den Balmasedak baino 99 gehiago. Nolanahi ere,tartean partida zailak izan dituzte. Lehen jardunaldian Balmasedarrei 70-76 irabazi zieten, eta zapigarrenean, lau puntuko aldearekin gailendu zitzaizkien Romoko Ezkorak-ekoei (74-78).

Adin tarte zabala

Taldea adin guztietako jokalariek osatzen dute. Helduena Hormaetxea bera da, 32 urterekin; 20 urte ingurukoak bat baino gehiago dira, eta gehienak 24tik 28ra artekoak. Beraz, esperientzia eta gaztetasuna, biak ditu Anbotopekok. Gainera, aurten jokalari gazte berri bi dituzte: Ander Zarraga eta Endika Iparragirre durangarrak.

Mailaz igoz gero, Hormatxeak argi du “beste konpromiso maila bat” eskatu beharko litzatekeela, batetik, Euskal Herri osoko eta Errioxako taldeen kontra jokatu beharko luketelako; bestetik, ekonomikoki ere “babesle gehiago aurkitzen saiatu beharko ginateke”.
Bihar Mungiaren kontra jokatuko dute, kanpoan, eta partida gogorra aurreikusten duen arren, irabaztera joango direla dio.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!