Durango Ilarduya Rugby Taldea laugarren postuan dago Ohorezko B Mailan, 12 punturekin. Partida bi irabazi eta hiru galdu ditu. Alcobendas kenduta (29 punturekin ez dago usairik hartuko dionik), hurrengo lau taldeak, Durangokoa barne, bost punturen barruan daude. Beraz, bigarren posturako lehia bete-betean dago DRT.
Urtarrilaren 7an Gernikan jokatuko dute: “Hori bai; hori benetako partida da guretzako. Aurrean jarraitu nahi badugu, irabazi beharra dugu”.
Emakumezkoen taldea, berriz, azken neurketako gertaera ezerosoa ahaztu, eta ligako hirugarren garaipena lortzen saiatuko da, etzi, La Unica taldearen kontra. Izan ere, Gaztediren aurkako partida bertan behera geratu zen. Entrenatzaileak zeozer esan omen zion epaileari; “berari zuzendua izan ez arren”, Iriondok dionez. Ondorioz, epaileak entrenatzailea egotzi egin zuen, baina zelaia ez zenez itxia, hesiaren atzean geratu zen. Hortik ere joan egin behar zuela esan zion epaileak, eta hor hasi zen tira-bira. Azkenean, partida bertan behera utzi zuen epaileak. Handik bost minutura, berriz jokatu zedin prest zegoela adierazi zuen, baina durangarrek ezetz erantzun zuten, injustua zeritzen tratuagatik urguiluan zaurituta. Orain,Federazioak erabaki beharko du partidarekin zer egin.
Elorrio bikain
Elorrio rugby taldea ezin hobeto ari da Euskal Ligan. Lehen faseko partida denak (bost, guztira) irabazi dituzte. Domekan Mungiaren kontra jokatuko dute kanpoan, eta “normalean txarto doakigun zelaia bada ere, itxaropentsu goaz”, dio Dani Palacios jokalariak: “Dirudien moduan, lesionatuta daudenak osatzen badira, partida irabazi behar genuke. Eurek azken aurreko dira bost punturekin”. Elorrio lehenengo dago 21 punturekin.