EAJ-EAk aurrera atera du 2007ko udal aurrekontua

Anboto 2006ko aza. 24a, 12:25
EB-Berdeakek eze, oposizio guztiak egin dio osoko zuzenketa Gobernu Taldearen 2007ko aurrekontuari; 46 partzialetatik 27 onartu dira. 462.000 euro igo da EAJ-EAren kontu proposamena.
EB-Berdeakek eze, oposizio guztiak egin dio osoko zuzenketa Gobernu Taldearen 2007ko aurrekontuari —bat be onartu ez arren—; 46 partzialetatik 27 onartu dira. Azkenean, 462.000 euro igo da EAJ-EAren 31 milioiko (inbertsioak 8,2 miloi) kontu proposamena. EAJ-EAk babestu du hori. Aralar abstenitu egin da eta Talde Mistoa, Mugarra, PSE-EE eta PPk kontra egin dute. EB-Berdeak, bozketan izan ez arren, abstentzioaren alde agertu da.

Aurreko urteetako ekarpenak jasotzeaz gainera, "helburu sozialago bati" lagundu gura izan dio EAJ-EAak proposamenean. "Pisu soziala gehitu gura izan dugu, aurretik ere bazegoen arren". Inmigrazio teknikari eta Liburutegi eta artxibategi koordinatzaile lanpostu berriak aitatu dituzte.

EB-Berdeaken ustez, gizarte arloan "asko egin da aurrera"; haurreskola, berdintasun teknikaria, babeseko etxeak… aitatu ditu, argitu arren ez dela euren aurrekontua. Gobernu Taldearen lehentasunak direla dio Aralarrek ere, eta parte-hartzeari lotuta "zilegitasun soziala" falta dutela. Zuzenketetan, etxebizitza, mugikortasuna, aukera berdintasuna (PSE-EE eta EB-Berdeekin transakzionatua) edo haurreskola landu dituzte, esaterako. Mugarrak legez, agiriak gazteleraz bakarrik ematea kritikatu egin dute.

Sozialisten berbetan, berriz, Gobernu Taldeak gobernu maila "egonkorrena" bermatu behar du eta udal kontua, hauteskundeek "hipotekatutakoa" da. Mugarrak parte-hartzearekin lotuta "ardura" behar dela azaldu du eta hori bultzatzeko batzorde bat eta herritarren ekarpenak jaso eta bideratzeko beste bat sortzea proposatu. Aurrekontuaren %5 etxebizitza politikara bideratzea ere bai: "1,5 milioi, dauden 80.000 euroen ordez"; azkenik, LESA desegin eta bizikleta karrilerako kontseilua batzearen alde agertu dira.

Etxebizitza eta zirkulazio arazoei lotuta (bizikleta karrila, autobusa, Landakoko aparkalekua…) neurriak eskatu ditu PPk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!