Erritmo bizian oinarritu zuen garaipena Tabirakok

Anboto 2006ko aza. 24a, 12:14
Norbere gaitasunak ahalik ondoen erabiltzeaz gainera, sarritan, partida irabazteko, taktika aproposa izan daiteke aurkarien ahulguneen araberako planteamendua. Tabirako emakumezkoen taldeak bietan asmatu zuen: bai aurkaria deszentratzen, bai saskiratzen. Arnasa lasaiago hartzeko balio dien garaipena erdietsi zuten Deusturen kontra (71-54).
Norbere gaitasunak ahalik ondoen erabiltzeaz gainera, sarritan, partida irabazteko, taktika aproposa izan daiteke aurkarien ahulguneen araberako planteamendua.  Tabirako emakumezkoen taldeak bietan asmatu zuen: bai aurkaria deszentratzen, bai saskiratzen. Arnasa lasaiago hartzeko balio dien garaipena erdietsi zuten Deusturen kontra (71-54).

17_01_kirolak1_223.jpgDeustuk, normalean, erasoak luze  lantzeko joera du. Joku mota hori egiten uzten bazaio talde arriskutsu izan daiteke. Hori jakinda, hasieratik erritmo bizia jarri zuen Tabirakok, erasoak jabetza laburretan bukatzen saiatuz. Taldeari bikain datorkion joku mota egiten asmatzea bezain garrantzitsua izan zen aurkaria beren eremura erakarri izana. Bizitasunean, Tabirako gehiago zen. Horrez gainera, jaurtiketa portzentaia altua izan zuen lehen laurdenean. Zati horretan lortutako abantailatxoak taldea lasaitu egin zuen, eta hortik aurrera, presioa alde batera utzita, maila onean jokatu zuten. Aipagarria izan zen Mugerzaren lana, 24 puntu sartuta.

Emakumezkoen Lehenengo maila pil-pilean utzi dute joan zen asteburuko emaitzek. Tabirako hamargarren dago hiru partida irabazi eta zazpi galduta. Durangarren balantze berbera dute euren atzetik dauden Gernika, Salleko eta Deustuk. Azken hirurak, berriz, garaipen birekin berdinduta daude. Lehenengo itzulia amaitzeko falta diren sei partidetatik lau, aurkari zuzenen aurka ditu emakumezkoen talde nagusiak. Konpromiso horietan gailenduta, bigarren itzulia gora begira hasiko luke.

Parekotasuna gizonezkoetan ere

Emakumezkoen liga pil-pilean dagoela esan badugu, gizonezkoena gori-gori dago. Ia ezinezkoa da parekotasun handiagoa izatea. Berrio-Otxoa liderra kenduta, gainerako sei taldeak –Tabirako barne–, lau garaipenekin berdinduta daude. Ruben Beneitez entrenatzailearen esanetan, “partidetan ere igartzen da berdintasuna, eta gehienak azken unean erabakitzen dira”.

Tabirakok ez ditu oraindik lesionatuak errekuperatu, eta taldeak nabari du horien hutsunea.  Hala ere, zapatuan Valsai-Ardoiri irabazteko kapaz izan ziren (78-73). Aurtengo ligan ohikoa den moduan, azken minutuan erabaki zen norgehiagoka. Berdinduta zeudela, hutsartean entrenatzaileak agindutako jokaldia gauzatu eta hiru puntuko aldea lortu zuten. Hurrengo jokaldian aurkariek huts egin zuten, eta faltarik faltara amaitu zen partida durangarren alde.
Oinatz Meñika 19 urteko gaztea ederki aritu zen eta 24 puntu sartu zituen.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!