Oromiñoko entrenatzailea partida honen garrantziaz jabetu zen. Irabazi ezean, sailkapeneko azken postuetan sartuko zatekeen taldea, eta are eta garrantzitsuagoa dena, taldea psikologikoki jota geratuko zatekeen.

Zaitegi, onena
Aurkariei dagokienez, UPV/EHUk ez zuen beste munduko jokorik agertu. Hala ere, Tabiran jokatzen duten aurkariek Kulturalaren ahultasunak non dauden badakitela dirudi. Beste behin ere, horiek aprobetxatuz min egiteko zorian izan ziren gipuzkoarrak.
Joko aldetik bi alderdi izan zituen norgehiagokak: lehenengo zatian durangarrak izan ziren nagusi. Aukerak sortu zituzten, falta eta kornerren ondorioz, batez ere. Horrela heldu ziren etxekoen bi golak. Biak ere ezkerretik hasitako jokaldietan eta gizon baten parte-hartze nabarmenarekin: Zaitegik area barruan utzitako baloi argi bi errematatuz egin zituzten golak Muruak eta Sanmartinek. Gipuzkoarren gola 44. minutuan heldu zen. Orduan agertu zen durangarren aurpegirik kezkagarriena: “jokalariak urduri jartzen dira minutuak aurrera joan ahala, izan ere, jakin badakite irabazteko beharra handia dela”, zioen Txintxurretak.
Jokalariei dagokionez, denen gainetik Zaitegi nabarmendu behar dugu. Durangarrek behar duten erreferentea da, eta arrisku jokaldi gehienetan parte hartu zuen. Hurrengo partida Laudio Sallekoren aurka du Kulturalak.