Montecalborako igoera bertan behera geratu zenetik, Durangaldea rally zirkuitutik kanpora zegoen. Orain, eskualdeko lagun talde baten elkarlanez, berriz ere motor hots sarkor eta karrankariak bueltan dira. Bihar, ‘Balcon de Bizkaia’ rallya korrituko da, Durango elkargune dutela.
“Lehenago, hiru-lau rally antolatzen ziren inguruan, eta oraingo hustasuna ez zetorren hemengo afizioarekin bat”, dio Santi Artetxe gidariak rallya antolatzeko arrazoiei buruz galdetzean. Durangoko Udalaren aldetik “prestutasuna” izan dutela dio, eta Landako Gunea erabili ahal izatea oso lagungarri gertatu zaiela.
Hain zuzen ere, rallyan parte hartuko duten 50 gidariak Landako Gunean batuko dira bihar, 8:00etan. Ordubetean epaileek ibilgailuak aztertuko dituzte, legearen barruan daudela ziurtatzeko. Ondoren, 9:50ean, Arriaundiko industrigunerantz irtengo dira, han baitago lehen tramuari dagokion laguntza-gunea.
Ibilgailuak behar den moduan prestatu ondoren hasiko da benetako ikuskizuna. Lehenengo tramua Ibarruritik Maumara artekoa da, 8,7 kilometrokoa. Ibilgailuak minutu bateko tarteekin irtengo dira. Tramu hau birritan korrituko dute: 10:56an abiatuko da lehen txanda; eta 12:24an bigarrena.
Bigarren tramuan Barinagatik (Etxebarri inguruan) Ixuara arteko sei kilomteroak korrituko dituzte, laguntza-gunea Etxebarriko industrigunera lekualdatuta. Tramu hau hiru aldiz osatuko dute, honako ordetegian hasita: 15:42an; 17:05ean; eta 18:28an.
Ondoren, parte-hartzaileak Landako gunera itzuliko dira eta 21:00 inguruan sari banaketari ekingo zaio.
Eskualdeko gidariak: Santi Artetxe, Jose Ignacio Erdoiza “Lebeiti”, Santi Soro, Iban Tarsicio, Josu Ormaetxea, Jon Zuazua, Urbito Azua, Igor Zabala, Jon Zalloetxebarria eta Joseba Andoni Munitxa.
“Nirea bezain auto azkarrak badagoz Euskal Herrian”
Mañariko gidariak bigarrenez irabazi du, oraintsu, Euskal Herriko Rally Txapelketa, bere Peugeot 307 WRCrekin. Madrilgo rally batean be azkarrena izan zen joan zen asteburuan. Denboraldiaren balantze txikia egin digu.
Nola joan da denboraldia?
Ederto. Karrantzako rallyan bigarren egin nuen eta beste guztiak irabazi egin ditut. Markinakoan ez nuen parte hartu, lan konpromisoengatik.
Peugeot 307 WRCarekin jarraituko duzu?
Bai. Azken urteetan autoak aldatzen ibili naiz, baina orain berdinarekin jarraitu eta ibilgailura ohitu nahi dut. Jarraikortasun bat lortzea dut helburu.
Ibilgailuaren errendimenduarekin gustura zaude?
Oso gustura. Arazoren bat badut Peugeotek Versaillesen daukan etxera bidaltzen dut edo, bestela, beraiek hona bidaltzen dizkidate mekanikoak. Asteburuan, nirea bezalako zazpi auto ariko dira Europako rally ezbardinetan.
Zer esango zenioke rallyak kotxeagatik irabazten dituzula diotenei?
Sainzek eta Alonsok ere ez dute txarrarekin irabazten, ezta? Auto ona daukat, hori ezin dut ukatu. Baina ez dut irabazten azkarrena naizelako, konstanteena naizelako baizik; lasterketak asko prestatzen ditut. Nirea besteko auto azkarrak badaude Euskal Herrian. Esango nuke, Espainiako txapelketarik gogorrena dela hemengoa. Kanpoan gura lukete hemengo autoak eta nibela edukitzea.