Miriam Peñaren kartelak iragarriko du Azoka

Anboto 2006ko aza. 10a, 18:43
"Ongi Etorri" jartzen duen atariko lanpasa, hankapekoa edo alfonbratxoa da aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azoka iragartzen duen kartelaren irudi nagusia. Egilea Miriam Peña durangarra da. Asteon emandako prentsaurrekoan, Gerediaga Elkarteak programari buruzko xehetasunak ere aurrretu zituen. Aurtengo azokaren gaia 'Bidaiak' izango dira, eta horren inguruan hainbat mahai-inguru eta hitzaldi izango dira. Tartean, ¡Gora Vasco!, Argentinan egin duten film dokumentalaren estreinaldia izango da. Antolatzaileek, lehenengoz, Euskal Herri osoan antolatu dituzte ekitaldiak, Azoka Bizkaiatik kanpo ezagutzera emateko.
Abendua hortxe datorkigula eta Durangoko Liburu eta Disko Azoka bertan dugula gogora ekarri gura izan digute, eguaztenean, Hitz liburudendan bildutakooi.

Durangoko Landakon egiten den azoka Euskal Herriko azoka dela azpimarratzeko, herrialde guztietan antolatu dituzte aurkezpenak, “Durangon ospatu arren, Euskal Herri osoaren azoka delako”, Jon Irazabalek esan duenez.

Azokari lehenengo ongietorria emateko, baina, Durangon izan da hitzordua, Hitz liburudendan. Azken batean, azokara doanak lehenengo pausoan zapalduko duena Durangoko atarikoa izango da; durangar gazte batek diseinatutakoa, hain justu.

41. Euskal Liburu eta Disko azokarako gonbita zabaltzeko, Miriam Peñaren kartela aukeratu dute; besteak beste, Durangoko Udalak eskaintzen dituen sormen tailerretako ardura duen neska gaztearen sorkuntza. Euskal Herriko etxe askotakoa moduko atarikoa da Durangoko azokako sarrerakoa ere: apal-apal eta lauburu eta guzti “Ongi Etorri” dioskuna.

Abenduaren 6tik 10era bitarteko egunetan Landako erakustazokara sartuko diren milaka irakurleen zapata-zolak garbitzea baino sakonagoa da atariko honen zentzua: berrogehita bat urtean, liburu eta diskoen etxe honetara etorri direnei Durangora hurbildu izana eskertzea.
Etxea apur bat aparte utzita, aurtengo azokako gai nagusia “bidaiak” izango direla aurreratu digute. Bidaiak ardatz hartuta, mahainguru eta berriketaldiak antolatuko dituzte Azokak iraungo duen bost egunetan, leku desberdinetan.

¡Gora Vasco! (Milonga de temple y carretilla) dokumentala estreinatuko dute Durangoko Azokan, euskaldun baten Argentinan zeharreko 3.500 kilometrotako ibilera eta abenturak kontatzen dituena.

Bidaiak, eta beste leku eta kultura batzuetako doinuek Plateruena beteko dute abenduaren 7an: Pata Negra, Raimundo eta Rafael Amadorren taldea, batetik, eta Karidadeko Benta, bestetik. Flamenkoa, Maroko eta Iraneko musika izango ditugu aukeran, 41. Liburu eta Disko Azokan.
Durangoko Azoka euskaldun guztion etxea dela esaten hasi gara, eta Miriam Peña durangarraren kartelak horixe irudikatzen duela. Baina bidaiatzeari ekin, eta Argentina, Iran eta Marokon ere barneratuko da aurtego Azoka.

Liburuek eta diskoek, etxe-etxean sentiarazten zaituzte sarri, urruneko kulturetara hurbiltzen zaituzte beste batzuetan, bidaiatzeko aitzakia ere bai baitira sarri. “Ongi Etorria” badugu: abenduaren 6an hasiko da Durangon bidaia.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!