Elkartea "sendotzeko" kanpaina abiatu du Durango Bai-k

Anboto 2006ko aza. 10a, 15:16

Durangon Bai zerbitzu enpresen elkarteak Aurrera kanpaina berria jarri du martxan, Durango, Iurreta eta Abadiñoko zerbitzu sektoreko enpresariak elkarteko kide egitera animatuz.

Durangon Bai zerbitzu enpresen elkarteak Aurrera kanpaina berria jarri du martxan, Durango, Iurreta eta Abadiñoko zerbitzu sektoreko enpresariak elkarteko kide egitera animatuz. Kanpainak “inguruko sektoreko enpresak eta autonomoak batzea du helburu, sortzen doazen abantailez baliatzeko”.

Zerbitzuen tokiko industriari begira, laguntasuna —diru-laguntzei, teknologi sendotzeari… dagokionez— lortuko duen erakundea sortzea gura dute ekimen horrekin, bazkideari ezelango kosturik ekarri gabe.

“Bestalde, inguruko administrazioarekin negoziazio erreferente bihurtu gura dugu, bazkideen eskubideak defendatzeko eta tokiko garapenerako proposamen berriak aurkezteko”, azaldu dutenez: “Bazkideek udal tramiteen sinplifikazioa izan dezaten, eta enpresentzako zaintza eta arreta handiagoa lortzeko lan egingo dugu; kultur ekintza gehiago ere bultzatuko ditugu, jendea beste merkataritza-gune batzuetara joan ez dadin asteburuetan”. Hori guztia lortzeko, baina, premiazkoa deritze elkarte “indartsu” eta “sendoa” osatzeari, eta hori lortu guran abiatu dute Aurrera, Durango inguruko herrietara ere zabalduz. “Izan ere, hirugarren sektorearen arazoak berdinak dira”.

Bazkide egiteko

Doan da Durangon Baiko bazkide egitea, eta beste elkarte batzuetako kide izatearekin bateragarri. Bazkideen dendetan aurkitu daitezke kide egiteko eskaera-orriak. Informazio bulegoa ere zabaldu ddute Ermodo kalean (94 620 36 63). Duer Consultores idazkaritza teknikoko gaiez arduratuko da eta elkartearen egoitza soziala izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!