Ardanzak Ofelia Hernandez bikotekide ohia erail zuela ebatzi du zinpeko epaimahaiak

Anboto 2006ko aza. 13a, 13:17

Felipe Ardanzak Ofelia Hernandez, bikotekide ohia, erail zuela ebatzi du kasua aztertu eta epaitu duen zinpeko epaimahaiak, atzera botaz defentsak jazotakoaren ardura arintzeko aurkeztutako argudioak. Horiek guztiak ez dituela frogatu uste izan dute. Jazoerak 2005eko urtarrilean izan ziren. Ardanzak labankadaz hil zuen Hernandez bere etxean seme-alaben aurrean. Bariku gauean jakin eragin zuen erabakia Bizkaiko Auzitegi Probintzialean izandako epaiketarako zinpeko epaimahaiak —lau emakume eta zazpi gizon—.

Fiskalak 21 urte eta erdirako kartzelara zigortzea eskatu dio salako presidenteari, Berria egunkariak batu moduan: 17 urte eta erdi erailketagatik, hiru urte gehiago etengabeko tratu txarrak eragiteagatik eta beste bat gehiago urruntzeko agindua urratzeagatik. Horrezaz gainera, Hernandezen seme-alabengandik — lau urteko neskatoa bere du Ardanzak— 33 urtez, gutxienez 500 metro urrun egoteko eta haiekin harremanik ez izateko eskatu du.

Durangoko Udalaren eta Clara Campoamor elkartearen izenean akusazio partikular moduan jardun duten abokatuek, bere aldetik, eskaerari eutsi diote, aipatutako delituengatik 24 urteko kartzela eskatuz. Defentsak, bestalde, delituoi dagozkien zigorri txikienak eskatu ditu: 15 urteko kartzela erailketagatik, urtebete eta bederatzi hile gehiago tratu txarrak eragiteagatik eta, beste, bederatzi hile, urruntzeko agindua urratzeagatik. Hala ere, abokatuak aurreratu du Auzitegi Nagusira joko duela ebazpen berri baten bila. Gaineratu duenez, epaile profesionalen aldetik bestelako erabakia espero du, haiek aurkeztutako aringarrien ñabardura teknikoak hobeto neurtuko dituztela uste du-eta. Clara Campoamor elkarteko abokatuak pozik hartu du zinepeko epaimahaiaren erabakia, tratu txarrak zigortzeko egindako ahalegina aintzat hartu duelako, Berriak jaso moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!