Pausu hori emateko arrazoi nagusi bi dituzte: “Celta Ohorezko Mailan dago, egon litekeen mailarik altuenean. Horrek esan nahi du, Espainiako 16 talderik onenekin ariko garela. Bidezabal, berriz, bigarren mailan dago (bien artean, lehen maila dago) eta goranzko saltoa emoteko aukera bikaina zen guretzat. Bestalde, kirol askotan gertatzen den legez, kanpoan etxean baino baloratuago sentitu gara”, dio Garciak. Horretan sakontzeko eskatuta, zera diote: “Ez da beste munduko tirabirarik ere izan. Kontua horixe da, ez garela espero bezain baloratuta sentitu”.
Denboraldiko zitarik garrantzitsuena apiril bueltan izango dute. Orduan, Ohorezko Mailako talde guztiak jardunaldi bitan lehiatuko dira. Hor erabakiko da txapelduna eta mailaz jaitsiko diren bi taldeak zeintzuk diren.
Bi gazteak ezaugarri ezberdineko korrikalariak dira. Garcia 3.000 metro oztopoetan da espezialista, eta Euskadiko Txapelketa birritan irabazi du. Casadok 400 metroak korritzen ditu eta hirugarren geratu zen iaz. Etapa berriari ilusioz eta errespetuz ekingo diote: “Celtak talde gaztea osatu du, etorkizunera begirakoa. Proiektu interesgarria da eta pozik bezain zuhur gaude, bai baitakigu Espainiako onenekin lehiatuko garela”, dio Casadok.