
Gainera, okerrena zera da: lesionatu batzuek oraindik bi-hiru aste beharko dituztela sendatzeko. Asier Astokia pibotak eta Mikel Gariotaonaindia hegalekoak orkatilan arazoak dituzte; Xabi Anasagastik hatzamar bat apurtu du; Iñigo Igarza, berriz, gaixorik dago. Hori gutxi balitz, Antxon Amezti, joku punturik onenean zegoen jokalaria, taldetik kanpora da denboraldi baterako, lan kontuak medio.
Horiek horrela, azken hiru norgehiagokak galdu egin ditu Tabirakok. Hala ere, esan beharra dago, onerako zein txarrerako, ia talde guztiak zapi baten barruan daudela. Berrio-Otxoa kenduta (sei garaipen eta porrot bakarra ditu), gainerako sei taldeak garaipen baten edo biren bueltan daude.
Bihar, 20:00etan, Easo Pastas Arruabarrenaren aurka jokatuko du Tabirakok, eta beste behin, gogoa eta ilusioa izango dira arma indartsuenak. Lehenengo bueltan, 12 puntugatik gailendu zen Durangoko taldea, baina biharkoa beste kontu bat izango da.
Emakumeak bide zuzenaren bila
Emakumeen lehenengo mailako taldeak, berriz, partida zaila du asteburuan Valsay-Ardoi taldearen kontra, bi arrazoi nagusigatik: batetik, talde nafarrak zortzi jardunalditan zazpi garaipen lortu dituelako; bestetik, inguru horietara doazen bakoitzean epaileek etxekoen alde egiteko joera nabarmena izaten dutelako, batez ere, partida une ebazgarrienetan sartzen denean.
Oraintxe bertan taldea hamabigarren dago sailkapenean, garaipen birekin eta sei porrotekin. Maila honetan ere, gizonezkoenean legez, berdintasuna da nagusi, eta azken zortzi taldeak garaipen bakar baten gorabeheran daude. Horregatik, taldeko ordezkariek diotenez, hurrengo hiru-lau partidetako emaitzek finkatuko dute ligaren amaierara arteko taldearen helburua. Garaipenak batuz gero, gora begira jarriko dira, eta, alderantziz, emaitzak kontrakoak badira, mailari eustea izango dute xede nagusi.