Jeltzaleek azalpenak eskatu dizkiote Mankomunitateko gobernu taldeari, Eguneko Arreta Zerbitzuaren harira. "Duela lau hilabete", zerbitzua eskualde osora zabaltzeari buruzko informazioa eskatu zioten EH Bilduri, baina, adierazi dutenez, "oraindik" ez dute zabalkunde horri buruzko "dokumentaziorik ez azalpenik jaso". Jeltzaleek diotenez, zerbitzuko jarduerak, zerbitzua beste udalerri batzuetara zabaltzeko datak eta horretarako beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak zehaztea eskatu zuten uztailean, mozio batean, baina "ez du eskatutako plangintza jaso".
Gainera, zerbitzua handitze horrekin "kezkatuta" agertu da EAJ, bere berbetan, Abadiñoko eguneko zentroak, proba pilotuak, "oso erabiltzaile gutxirekin" hasi du-eta ibilbidea. "Bi erabiltzailerekin hasi zen martxan, eta ondoren beste pertsona batzuk batu badira ere, erabiltzaile kopurua txikia da oraindik", esan dute. Horregatik, egoera aztertzea "beharrezkoa" dela iritzi diote: "Zerbitzura iristeko edo haren berri izateko zailtasunik dagoen" argitu gura dute. Norabide horretan, mozio bat erregistratu dute auziari buruz eztabaidatzeko eta "zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatzeko eta etorkizuneko urratsak zehazteko".
"Mankomunitateak zer balorazio egiten duen jakin gura dugu, zailtasunak identifikatu dituen eta horiei aurre egiteko zer egiten ari den. Ezin dugu itsu-itsuan aurrera egin adinekoentzat eta haien familientzat hain garrantzitsua den zerbitzu batekin”, esan du EAJk.