Anbotok 25 urte

"Durangaldean urteotan euskararen alde egin den lanak bere fruituak eman ditu"

Aritz Maldonado

Aitziber Atorrasagasti, asteleheneko ekitaldian.

Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzaren euskara sustatzeko zuzendariak "indarra eta gogoa" opa dizkio ANBOTOri, Durangaldeko euskal komunitatearen "bihotza izaten jarraitzeko".

Zelako osasuna dute euskarak eta euskarazko komunikabideek?
Euskara eta euskarazko hedabideak sistema konplexuak dira, eta, orokortasunetik harago, osatzen dituzten atal desberdinak kontuan izan behar ditugu. Baina atal bi azpimarratuko nituzke. Ezagutzan inoiz baino indartsuago gaude, eta hiru lurraldeetan gora egin dugu, Araban eta Bizkaian batez ere. Baina ezagutzatik erabilerara dagoen jauzia da gure erronka nagusia: kale erabileran hazi behar dugu, eta lurraldeen arteko aldeak handiak dira. Komunikabideei dagokienez, sektore bizia eta profesionala dugu, herri ekimenean errotua, baina hauskorra ere bai. Digitalizazioagaz merkatua eta kontsumo ohiturak aldatu egin dira, plataforma globalekin lehiatu behar da, eta audientzia digitalak zatituta daude. Geroago eta gatxagoa da sektorearen errealitatea ondo ezagutzea, oso azkar aldatzen dabilelako. Horregaitik, Hedabideak deialdiagaz batera adierazle sistema bat lantzen gabiltza, sentsazioetatik harago sektorea nora doan datuekin jakiteko.

Argazki horretan zelan ikusten dituzu Durangaldea eta ANBOTO?
Durangaldea Bizkaiko eskualde giltzarri bat da euskararentzat: oso herri euskaldunak eta euskalduntzen ari diren guneak ditu eskualde berean. Horrek konplexutasuna dakar, baina aukera ere bai. Ez da kasualitatea Durangoko Azoka hemen egitea. Eta ANBOTO da bertako euskal komunitatearen ispilua. Astero milaka etxetara heltzea eta sarean milioi bat orri-bisita baino gehiago izatea benetako indarra da tokiko hedabide batentzat. Dudarik barik, Durangaldean urteotan euskararen alde egin den lanak bere fruituak eman ditu.

Zelako eragina du ANBOTOk bere komunitatearen euskalduntzean?
Tokiko hedabideek ezinbesteko zerbait egiten dute: euskara bizitza errealagaz lotzen dute. Herriko jaiak, auzoko obrak edo seme-alaben taldearen emaitzak euskaraz irakurtzean, euskara ez da eskolako edo instituzioetako hizkuntza bakarrik, eguneroko bizitzakoa baino. ANBOTOk 25 urtez egin du hori. Euskaldun berri askorentzat lehenengo pausoa izan da irakurtzeko ohitura sortzeko, eta euskaldun zaharrentzat erreferentzia. Gainera, herritarren ekimenetik euskara elkarteen bultzadaz sortu zen.

Zeintzuk dira Jaurlaritzaren lehentasunak euskararen arloan?
Lehentasuna argia da: ezagutzatik erabilerara jauzi egitea. Horretarako, Jauzia Gara estrategia landu dugu, aurreko eguenean lehendakariak euskal komunitateari eskaini ziona, eta honen gainetik Euskararen Plan Estrategikoa onartu dugu. Hiru gauza nabarmenduko nituzke. Bat: erabilera guneak sortzea eta indartzea aisialdian, lanean eta arnasguneetan. Horretarako, plan bereziak martxan ipiniko ditugu euskararen erabilera sustatzeko. Bi: euskara ingurune digitalean lehian egotea. Horregaitik ari gara hizkuntza-teknologietan ikertzen eta inbertitzen, euskarazko korpusa sortzen eta berreskuratzen, Euskorpora elkartearen bitartez eta bertan parte hartzen duten eragileekin sare bat sortzen. Eta hiru: etorkinak eta orain arte euskaragaz hartu-emanik izan ez duten familiak euskarara erakartzea, euskaragazko eta euskal kulturagazko atxikimendua eta emozio positiboak oinarri hartuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!