GOTZON GOMEZ (GEREDIAGA ELKARTEA)

"Gerediaga Elkartearen sena eskualdea zaintzea, ikertzea eta zabaltzea bada, ANBOTO norabide berean bidelagun dugu, zalantza izpirik barik. Globalizazioa hain hedatuta dagoen sasoian, Durangaldeak zelan arnasten duen ezagutzea derrigorrezko ariketa dela uste dugu, eta ANBOTOk herririk herri gertuko errealitatea erakusten digu. Gertuko informazioa eskura izatea ezinbestekoa da, eta bizitzea egokitu zaigun gizarte korapilatsu honetan estimatzen dugun aire freskoa da. Eskerrik asko eta jarraitu Durangaldearen alde lanean beste 25 urtez gutxienez!"
JAIONE AGIRREGABIRIA (AIRATU OTXANDIOKO EUSKALGINTZA TALDEA)

"Euskarazko hedabide 'handi' gutxi dugu Euskal Herrian, eta horiek iraun dezaten beharrezkoa da eskualdeetako komunikabide txikien lana. Euskal komunitate zabal eta indartsua eraikitzen laguntzen dute. Bestalde, pozgarria izaten da asterik aste norbere herriko albiste eta ekimenak bertan irakurtzea, aurpegi ezagunak azalean ikustea, herritar talde xume batek antolatutako ekimenei oihartzuna ematea. Txikiak indarra hartzen du, gertukoa bihurtzen da erdigune, eta inguruko herriekiko kohesioa ere indartzen du. Segi dezala beste horrenbeste urtez!"
PELLO ZABARTE (BERBARO ELKARTEA)

"Batzuek eskualdeko berri guztiak irakurtzen dituzte. Besteek nahikoa dute norbere herriko lerroburu eta argazkiak errepasatuta. Hainbatek elkarrizketa sakonetan ipintzen dute arreta, eta beste askok gurago dituzte gai librea edo lau-hortzeko zutabea. Badaude ere, zelan ez, atal kutuna dutenak: kultura, kirola edo agenda. Makina bat modu dugu ANBOTO irakurtzeko, askotariko desio eta afizioak ditugu eta. Baina denoi eskaintzen dizkigu komunitate egiten gaituzten zutabeak: Durangaldea eta euskara. Eskerrik asko 25 urtez gure territorio librea kontatzeagaitik. Gora gu
eta anbototarrak".
MAITE DE LEMOS (DIBA KOOPERATIBA)

"Anboto komunikabideak 25 urte betetzea albiste pozgarria da guretzat ere. Hasieratik izan gara proiektu honen bidelagun, geuk ere gure aletxoa ipinita. Tokiko komunikabideek funtsezko lana egiten dute herri baten egunerokoa eta nortasuna zabaltzen. Gertuko informazioa euskaraz eskaintzea, gainera, Durangaldearen berezitasuna eta aberastasuna zaintzeko modu bat da. Horregaitik, garrantzitsua iruditzen zaigu ANBOTO lako proiektuek aurrera jarraitzea. Zorionak eta ea beste urte askoan elkarregaz jarraitzen dugun".
KOLDO ZARATE (EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ)

"Euskarazko komunikabide batek hain ibilbide luzea izatea eta bizi-bizirik jarraitzea poztekoa da. Tokiko albisteek interesa pizten dute eta albiste horiek euskaraz irakurri ahal izatea garrantzitsua da. Informazioaren sinesgarritasunak zalantza eragiten duen sasoian, ANBOTO lako komunikabideek goraipatzeko lana egiten dute. Etorkizunera begira errealitate berriei egokitu beharra egongo da, denei gertatzen zaien moduan, baina bide oparoa ikusten diet. Nik ANBOTO gustura hartzen dut barikuero, eskualdean gertatzen denaren berri jakiteko. 25 urte alajaina, zorionak!".
IMA EGUEN (ERAZ)

"Hasierako urteez oso gomuta ona dut. Andoni Mugikak deitu zidan, ea laguntzeko prest nengoen galdetzeko, eta baietz esan nion. Lantalde polita batu ginen. Segun Lazkano, Kepa Arroitajauregi eta Izaskun Ellakuriaga ere talde hartako kide izan ziren, eta gogoan izan gura ditut. Proiektua herririk herri eta udalik udal aurkezten ibili ginen, eta era guztietako ordezkari politikoekin berba egin genuen. Langile guztiek lan handia egin zuten, lan ona. 25 urte bada zeozer eta ANBOTOri eta euskarazko komunitateari ibilbide luzea opa diot. Beste urte asko egin dezala!".
JUANITO GALLASTEGI (ABADEA ETA EUSKALTZAINA)

"ANBOTO sortu zenean, euskarazko komunikabide bat izatea premiazkoa zen eskualdean; gaur egun ere beharrezkoa da. Urte batzuetan kolaboratzaile aritu nintzen, eta hartu-eman berezia izan dut komunikabideagaz. 25. urteurreneko galan oso gustura egon nintzen eta asko gustatu zitzaidan; pozgarria da egindako bidea ikustea. Guk geure egin genuen proiektua, eta orain gazteei dagokie euren bidea egitea. Nik, behintzat, ANBOTO astero jasotzen dut etxean: barikuero badakit etxeko ateraino ekarriko didatena, eta paperean irakurtzen dut. Ohitura hori ez
nuke galdu gura".
IDOIA ELORRIAGA (ANBOTOKIDEA)

"Barikuero ANBOTO norbere etxean jaso, sukaldeko mahai gainean zabaldu eta gure herrietan gertatzen denaren berri jakitea erritu bat da niretzat. Gustura irakurtzen dudan astekaria, horixe da ANBOTO niretzat. Askotan atzeko elkarrizketatik hasten naiz, sarritan pertsona eta elkarrizketa kuriosoak izaten dira. Gero nire herriko albisteei begiratzen diet, Iurretakoei. Ondoren, astekari osoari ematen diot gainbegiratua. Batzuetan Interneten ere bai, baina batez ere paperean irakurtzen dut eta urte askoan horrelaxe jarraitzea espero dut".
ASIER BILBAO (ZORNOTZAKO EUSKALGINTZA)

"Zornotzako euskararen ekosistemak hainbat elementuz osaturiko hezurdura behar du: hezkuntza, aisialdi eskaintza, erakundeen konplizitatea, talde eragileak, baliabide fisiko eta ekonomikoak... baita euskarazko komunikabideak ere. ANBOTOk hutsune hori betetzen lagundu du. Helburu informatiboa du, herriko eta gertuko albisteen berri ematen du, eta gertukoa gertukoago bihurtzen du. Baina ANBOTOk egiten duen lana informazio hutsetik harago doa; azken finean, euskal komunitatea saretzen laguntzen du eta hori oso garrantzitsua da".
EURI, MADDI ETA UXUE ANBOTOKO BANATZAILEAK

"Barikuetan ANBOTO etxerik etxe banatzea esperientzia polita izaten da normalean. Egun batzuk beste batzuk baino luzeagoak egiten zaizkigu, baina normalean jendea oso jatorra izaten da gugaz. Batzuetan, gainera, gu noiz helduko zain egoten dira, eta alea jasotzera jaisten dira atarira. Beste batzuetan kontrakoa gertatzen zaigu: adinekoak direlako, lesioren bat dutelako edo beste arrazoiren bategaitik ezin dira jaitsi, eta etxeko ateraino eramaten diegu alea. Oso esker oneko agertzen dira. Pozgarria da irakurleek gure etorrerari hain harrera ona egitea eta ANBOTO gogoz jasotzea".