'Garena kontatzeko' leloa aukeratu dugu urteurrenerako, gure komunitatea erdigunean ipinita. Zero kilometroa lantzen dugu, bertatik eta bertokoentzat egindako kazetaritza da gurea. Herrigintzatik sorturiko ekimen guztien antzera, ilusio handiagaz eta baliabide gutxigaz ipini genuen proiektua martxan, orain 25 urte. Sasoi hartan ibilbide bat eginda zuen ERAZ aldizkaritik ANBOTO sortu zen. Publiko zabalago batengana heltzea zen helburua, sasoi hartako GOIENAren ereduari jarraituta. Formatu aldaketa bat eta doakotasuna izan ziren ardatz nagusiak. Sasoi hartan Durangaldeko ia herri guztietan martxan zeuden euskara elkarteek proiektua bultzatu zuten. Santa Anako pisua zen gure lokala, sasoi hartako Berbaroren tabernaren gainean. Xabier Amurizak pisu handia izan zuen egitasmoan eta lan ikaragarria egin zuen zein euskara eredu landu erabakitzean. Tokiko kazetaritzan sinistu dugu, hasiera-hasieratik, eta edozein informazio da tokikoa. Herri edo hiriren bateko auzo edo kaleren batean norbaiti gertatu zaion edo eragin dion zerbait. Tokiko istorioek dena delakoagaitik errelebante bihurtu eta nahinongo hedabideetan agertzen direnera arte. Hedabiderik handienak ere konturatu dira horretaz, eta etxeko lanak egiten dabiltza txoko txikietako istorioak kontatu guran. Guk hasieratik jakin dugu tokikotasunak urrea balio duela, horretan 25 urte daramatzagu eta.
Kazetaritzaren ikuspuntutik, tokiko hedabideok gure komunitateari begira lan egiten dugu. ANBOTOren kasuan, komunitateko kide bat gehiago garela sentitzen dugu. Herrigintzatik eta euskalgintzatik sorturiko proiektua izanda, izaera horri eustea ezinbestekoa deritzogu. Gertuko informazioa lantzea ardura handia da guretzat. Eskualdeko jendeak gugan ipinitako konfiantzari profesionaltasunez eta gertutasunez erantzutea da gure helburua.
Urteurrenak gure mezua zabaltzeko eskaintzen digun aukera baliatuta, egunero euren informazioa ANBOTOra helarazten diguten elkarte, eragile eta norbanakoei eskerrak ematea ezinbestekoa da. Norabide biko bide horri eskerrak aberasten eta gaurkotzen dira gure edukiak. Bestalde, 25 urtean gure kolaboratzaile izan direnei ere, eskerrik asko! Iritzi kritikoa lantzerako orduan, bakoitzak beretik egindako hausnarketek ere ekarpen garrantzitsua egin diote gure proiektuari.
Esker onen zerrendan ezinbestekoak izan diren bidelagun gehiago aintzat hartu gura ditugu: Eraz, irakurleak, harpidedunak, Anbotokideak, lantaldea, langile ohiak, iragarleak, babesleak, banatzaileak, elkarteak, eragileak, euskalgintza eta Berbaro euskara elkartea. Zuek denok barik ez litzateke proiekturik sortuko, eta ezta mantenduko ere. Gora gu eta gutarrak!