Iaz Goienak 25 urte, eta aurten Anbotok. Mende laurden baino gehiago gertuko informazioa lantzen. Tokiko hedabideen lana zergaitik da hain garrantzitsua?
Tokikoen izatea eta sorrera euskararekin lotuta daude eta gaur gaurkoz esan genezake tokiko hedabideen garrantzia askoz harantzago doala. Euskara sustatzeko duen garrantzia nahikoa ez, eta irakurleek diote ondoan nahi gaituztela. Eta zergatia galdetzen diegunean hauxe izaten da lehenengo erantzuna: "Gertuko notiziekin informatuta egon nahi dudalako". Begiratu Ameriketako Estatu Batuetara eta ikusiko duzue tokiko hedabideak itxi diren lekuetan eskuin muturrak gora egin duela; baita hedabiderik handienak tokiko hedabideak erosten dabiltzala ere. Ez dago inor tokikoen garrantzia baztertu dezakeenik.
Tokikomeko presidentea ere bazara. Tokikook zein ekarpen egiten diogu/diozue gure komunitateari?
Aurrekoan erantzun dut, nolabait. Hala ere, komunitate hitza aipatu duzu eta hor sakondu behar dugu. Gu ez gara bertso solte bat, euskal komunitatearen parte gara. Komunitatearen eskutik jardunda, ekarpena baliozkoagoa da. Amaitu da alde bakarretik informazioa zabaltzearen formula. Guk komunitatearekin batera jardun behar dugu hedabidegintzan. Euskara elkarteekin, kultura elkarteekin, kirol elkarteekin, erakundeekin, eragile sozialekin, herriko dendekin… Gu "denda bat gehiago" gara eskualdean, eta eskualdez eskualde Euskal Herrian.
Euskarazko tokiko hedabideen ibilbidean, Tokikomen sorrera mugarria izan da. Zuk zelan bizi duzu hori?
Sortu ez bagenu, sortu beharko genukeen sentsazioaz bizi dut. Seguru nago ANBOTOko zuzendariak, Tokikomeko presidente izan zenak ere, uste bera duela. Hau da, Tokikomek tokiko hedabideak profesionalizatzea ekarri du. Ez da nolanahikoa! Ibilbide bat izan da eta ikasten joan gara: kazetaritza hobea egiten, zerbitzu hobea ematen, kudeaketa zorrotzagoa, puntako tresnak… Ikasi dugu lana hobeto eginda baino ez dela posible sortze helburuak eta komunitatearen beharrizanak asetzea.
Zein garapen izan du Tokikomek?
Oso handia eta emankorra. Hedabideok krisi hotsak bizi genituen Tokikom sortu genuenean; gure hipotesia zen elkartuta hobeto erantzungo geniola etorkizunari, eta funtzionatu egin zuen.
Orain, gauden garapen fasean, aldiz, elkartuta bakarrik ez, elkarrekin lan egitean jarri behar dugu indarra, estrategia bateratuekin. Horrek esan nahi du Tokikomeko lankideek eta hedabideetakoek batera pentsatu eta eraiki behar dutela hedabide multzo handiagoa eta eraginkorragoa. Behar dugu gizarte moduan, behar dugu hizkuntza ikuspuntu batetik, eta baita hedabidegintzan lanean gabiltzanon aldetik ere.
Desinformazioaren aroa bizi dugu. Txikitik eta gertutik zein ekarpen egin diezaiokegu geure komunitateei?
Kalitatezkoa. Handitik egin daitekeenaren tamainakoa bai, behinik behin. Zergatik? Ba gure proiektuak sinesgarriak, eraginkorrak eta maitatuak direlako. ANBOTOk ez du jendea alineatzeko nahirik, ANBOTOk ez du tranparik egiten iritzia eta informazioa nahastuta, Anbotok ez du zurrumurrulogia oinarri, Anbotok nahi du gero eta jende euskaldun eta euskaltzale gehiagok irakurtzea. ANBOTOk desinformatuko balu, atea itxi beharko luke, komunitateko norbanakoek kargu hartuko liokete. Hori zama handia da, baina era berean babes handia. Gure ekarpena zintzotasuna da.
Informazioaren eta hedabideen mundua ziztu bizian aldatzen dabil. Momentu honetan zeintzuk dira erronkak?
Galdera honi digitalizazioaren edo Adimen Artifizialaren komodinarekin erantzun dakioke, baina ez. Gurearen moduko proiektu komunitarioei dagokienez, alor digitalari ongi erantzunez jarraitu beharko dugu, baina inbertsioa fisikoan dago. Gure irakurleen harremanean, ezagutzan, ekintzak batera antolatzean, kalean, gune konpartituetan… Norbaitek esan lezake: baina hedabide baten lana ez da aldizkaria, Internet eta bideoak egitea? Erantzuna "bai" da, editorial zainduarekin eta zintzo. Hala ere, dena digitala dirudien garaiotan pertsonatik pertsonarako harremanean dago erronka. Tokikook, gainera, abiatze puntu ona daukagu gertutik erantzuteko.
Adimen Artifiziala ere ekuazioan sartu da, indartsu. Hedabideen ikuspuntutik zein ekarpen egin dezake eta aldi berean zein mehatxu sortu dira?
Ezin iskin egin Adimen Artifizialaz berba egiteari, e? (barrez). Pertsonako dugu uste bat-eta, zenbat buru… Adimen Artifiziala prozesuak arintzeko erabiliko dugu, adibidez, baina kazetaritzari dagokionez inoiz ere ez informazio iturri fidagarri gisa. Gure lana oso lotuta dago kontrastea egitearekin eta irakurleari kontraste hori eskaintzearekin. Hori pertsonek egiten dute, ez makinek. Kontua ez da Adimen Artifiziala deabrutzea ere, baina bai babes-betaurrekoak jantzita jardutea: ez dadila izan lehen aukera, ez dadila izan aukera inkontzientea, ez egin kasu itsu-itsuan baldin eta atzetik daudenak algoritmoak badira, enpresa multinazionalak, boterea… Makina hauek ez daude pentsatuta garenari on egiteko, baizik eta dirua irabazteko edo kontrolatzeko. Gure eredua ezin da izan makinen aurrean makurtutakoa. Tokiko kazetaritza pertsonek egiten dute, eta pertsonentzat. Makinak behar baditugu, kontrola ditzagun guk geuk.
Baduzu mezurik ANBOTOren komunitatearentzat urteurrenari lotuta?
Ospatu. Durangaldeak ANBOTO merezi du, eta ANBOTOk merezi du. Ez dugu sakon pentsatzen eskualde batek horrelako proiektu bat izateak zer esan nahi duen. Urteurrenak balio dezala ere dugunaz harro egoteko. Kontuan har dezagun komunitate gisa garela eraginkorrak, eskualdez eskualde, tokikoz tokiko, urtez urte. Babestu euskarazko tokiko kazetaritza eta egin ANBOTOkide, beste horrenbeste urte osasuntsu betetzeko.