Diotenez, 8 mila milioi biztanle gara munduan. Baina mundua Durangaldean hasi eta amaituko balitz… zer?
Ba… mundua Durangaldean hasi eta amaituko balitz… Anboto mendia Everest litzateke. Alluitz, K2. Eta Errialtabaso, Kanchenjunga.
Mugarrapeko Neberondoa da gure Groenlandia, eta Aixolako urtegia da gure fiordo norvegiarra.
Durangoko eta Elorrioko bonbardaketak dira gure Hiroshima. Otxandiokoak eta Zornotzakoak gure Nagasaki.
Urkiolako santutegia da gure Fatima. Eta Urkiolako Parke Naturala gure Yellowstone.
Gerediagako foru zelaia da gure Atenas. Axpe da gure Suitza.
Mañariko museoa da gure National Geographic. Eta Otxandio gure mare nostrum… Mediterraneoa.
Mallabian, Berrizen. Oizpean bizi dira gure Heidi eta Pedro. Eta Iurretako plazan muntatzen dugu gure sambodromoa.
Eta Plateruena, Sanagustin, Arriola, Zelaieta… horiek dira gure Sidney Opera House. Eta Kroaziako kostaldea ere badugu… non eta Izurtzako presan.
Etxeitako artea da gure Kaliforniako sekuoia. Eta gauzak zelan diren… Eitzaga da gure Txernobyl.
Durango da gure New York. Eta bertako kalekokafetegi modernoak dira Paris. Eta pentsatzen hasita… Traña-Matienako San blas hotela… errepidetik egunero ikusten dugun hori… hori da gure Sobietar Batasuna.
Eta orduan,… berriro galdetuta… mundua Durangaldean hasi eta amaituko balitz, zer?
Ba Mundu horretan bizi gara denak. Eskalatzaileak, baserritarrak, fruta saltzaileak. Enpresariak eta sindikatuak. Langileak zein proletarioak. Amak, neba-arrebak, aitak. Maitaleak. Eta ex bat edo beste ere bai. Baditugu fede zaharrak eta berriak. Erlijiosoenak zein fu
Eta jakina. Badira ipuin kontalariak, berriketariak. Kazetariak zein kontu kontariak.
25 urte egin ditugulako gure munduaren berri ematen. Hau guztia kontatzen. Eta badakizue zer? Oraindik asko dugu kontatzeko.
Garena kontatzeko.
Eskerrik asko 25 urte hauetan gure komunitatearen parte izateagatik. Eta jarrai dezagun hor, Anbotoko gailurretik begira, baina beti Anbotopean.