'Garena kontatzeko'
ANBOTOk 25 urte egitea lortu badu, bere komunitateari eskerrak izan da. Hartara, esker ona adieraztea izango da ospakizuneko ardatz nagusia. ANBOTO bera ere komunitate horren parte izanda, zero kilometroa erdigunean izango da. Ildo horretatik, 'Garena kontatzeko' leloak guretik eta guretzat egindako ibilbidea laburbiltzen du.
Urteurrenak segida izan dezan, ANBOTOk arropa diseinatu du. Kamisetak eta izerditakoak ipiniko ditu salgai. Aurrerapen legez, argazkietan ageri den moduan, ume zein helduentzat proposatutako jantziak dira, kotoizkoak. Arroparen bat erosi gura izanez gero, lasai egon, urrian egingo dugu-eta zabalkundea, eta azaroaren 3tik 17ra erosketa Internetez ere egin ahal izango da. Izango duzue aurrerago salmentaren berri.

'25 egun, 25 sari'
ANBOTOren ibilbidean, proiektuak modu askotara jaso du komunitatearen babesa. Horietariko bat Anbotokideen laguntza izan da. Kalitatezko informazioa euskaraz eskaintzeko ahalegin honetan, hainbat norbanako, elkarte eta enpresa izan dugu bidelagun. Babes hori ezinbestekoa izan da urte hauetan. Oraindino ere aukera dago Anbotokide izateko, eta urte amaierara arte kide egiten direnen artean asteburu berezi bat zotz egingo dugu Errioxako mahasti artean pasatzeko. Hori nahikoa ez, eta tonbola berezi bat prestatu dugu: '25 egun, 25 sari' tonbola Anbotokide guztien artean sari zoragarriak banatzeko. Beraz, urteurrenaren bueltan, amua ipini eta irakurlearen esku egongo da kosk egitea.