EAJk plangintza zehatz bat eskatu dio Mankomunitateari, Eguneko Arreta Zerbitzua eskualde osora zabaltzeko

E.H. 2026ko uztailaren 9a

Plangintza hori lau hilabetean diseinatzea eskatu du EAJk, eta pauso guztiak kronograma batean zehaztea. Besteak beste, eman beharreko urratsak, epeak eta finantzaketa iturriak zehaztea gura dute.

Durangaldeko EAJk mozio bat erregistratu du Mankomunitatean, gobernu-taldeari (EH Bildu) Eguneko Arreta Zerbitzua eskualdeko udalerrietara zabaldu dezala eta hedapen horretarako bide-orria zehaztu dezala eskatzeko. Plangintza hori lau hilabetean diseinatzea eskatu du EAJk, eta pauso guztiak kronograma batean zehaztea. Besteak beste, eman beharreko urratsak, epeak eta finantzaketa iturriak zehaztea gura dute.

Jeltzaleek zerbitzuaren egungo egoera kritikatu dute. Diotenez, aurreko gobernu-taldeak (EAJk eta Abadiñoko Independenteek) "zehaztuta" utzi zuen Eguneko Arreta Zerbitzurako plangintza. Alabaina, egutegi hori "erabat" aldatu dela esan dute: “Kasurik onenean, zerbitzua ez da 2026ko udazkenera arte martxan jarriko, eta bi urtetik gorako atzerapena metatuko du. Gainera, esperientzia pilotuak hamar pertsona pasatxo artatuko ditu hasieran, eta gaitasun hori argi eta garbi ez da nahikoa Durangaldea bezalako eskualde baten beharrei erantzuteko", esan dute. Ildo horretatik, gobernu taldearen berbak kritikatu dituzte, proiektuari "proba pilotu deitzen jarraitzen diolako".

Zabalkundeari "uko egitea" kritikagai

EAJk esan du 2026ko aurrekontuetan zuzenketa bat aurkeztu zuela Eguneko Arreta Zerbitzua Berrizera eta Iurretara zabaltzea eskatzen, baina EH Bilduk, Abadiñoko Independente Berriek eta Garaiko Herriko Taldeak proposamen hura "atzera bota" zutela jakinarazi du: "Ezin da gizarte-zerbitzuak indartzeaz hitz egin proiektuak atzeratzen diren bitartean; are gutxiago horiek zabaltzeari eta eskualdeko gainerako herrietara noiz iritsiko diren argitzeari uko egiten zaionean", esan du EAJk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!