Durangaldeko Ernaik bere norabide berria azalduko du barikuan, Iurretako plazan

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 8a

Durangaldeko Ernaiko kideak Abadiñoko Gazte Topagunean. DURANGALDEKO ERNAI

Gazte antolakundeak etorkizuneko erronkak eta jarduteko moduak aurkeztuko ditu jendaurrean. Aurreratu dutenez, "faxismoaren kontrako lanketa" eta "independentziarako bidea" izango dituzte lan-ildo, eta "asanbladak sortzea" horretarako tresna. Jardunaldia 18:30ean hasiko da.

Ernaik bere laugarren kongresua egin zuen duela aste batzuk Bergaran (Gipuzkoa), eta, asteon, eskualdean emango ditu ildo berriari buruzko xehetasunak. Gazte antolakundeko Durangaldeko kideek Iurretako plazan emango dituzte azalpenak, 18:30ean. Topaketan eskualdeko "100 gazte baino gehiago" batzea aurreikusi dute.

Munduak "gerra giroa" eta "faxismoaren gorakada" bizi dituela eta, Ernaik "Euskal Herritik hasita" erantzun gura dio errealitate horri, eta "independentzia" planteatu du aterabide modura. "Fase historiko horretan, Ernairen eginkizuna faxismoaren kontra egitea da, independentzia horretarako tresna dela. Gazteria askapen mugimendura batzea eta faxismoaren kontrako lanketa egitea dira, hain zuzen ere". Era berean, Ernaik "bi konpromisotan" berretsi du bere burua: "Euskal Herriarekiko eta gazteekiko konpromisoan". Azken horiei dagokienez, beren "nahiak eta kezkak" erantzun gura ditu antolakundeak. Horretarako, taldeak eta asanbladak sortuko dituzte, eta "militantzia politikoa aktibatu". 

Ernairen lan-saio bat Otxandion. DURANGALDEKO ERNAI

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!