"Mitin handi bat" izatea gura dute, alderdiko ordezkari politikoak, musikariak eta "ehunka lagun" batuko dituena. Eta eguna, maiatzaren 24a, ez dute kasualitatez aukeratu, domekatik aurrera 365 egun geldituko dira-eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan udal eta foru hauteskundeak egiteko.
EAJk Landako Gunean erakutsi gura du, hain zuzen ere, "Euskadi eraikitzen jarraitzeko tresnarik onena" dela, eta "lan horretarako indarra eta irmotasuna" dituela. Ekitaldia "lurralde eta aberri mailako ordezkarien lidergoarekin, ehunka alkateren eta zinegotzi jeltzaleren eta Batzar Nagusietako eta Aldundietako ordezkarien eskutik" eta "alderdikideen eta alderdizaleen babesarekin" egingo dute 11:30etik aurrera.