Eusfera egitasmoa martxan dago atzotik. Maiataren 22ra bitartean, euskara umeen aisialdian eta familia eremuan sustatzeko egitasmo ugari egongo da Euskal Herriko luze zabalean. 100 udalerrik egin dute bat egitasmoagaz, eta 146 elkargune prestatu dituzte ume eta familientzat. Barakaldon, esate baterako, musika saioak, bizikleta martxa eta sukaldaritza tailerrak izango dituzte datozen egunetan. Portugaleten eta Etxebarrin mozorro jaia eta familientzako kantu saioa antolatu dituzte, eta Soraluzen (Gipuzkoa) patata tortilla txapelketa. Horiek guztiak Eusferako 146 ekitaldietako batzuk baino ez dira, lotura honetan kontsultatu baitaitezke guztiak.
Euskara sustatzeko egitasmoak Durangon ere izango du isla. Domekan, familientzako mendi irteera egingo dute San Roketik Larrinagatxura. Bost kilometroko ibilbidea izango da, adin guztietarako egokia. Izen emateetarako orrialde bat prestatu dute. Hemen egin behar dira inskripzioak. Bestalde, martitzenean, familia eta umeentzako sukaldaritza tailerra egingo dute Andra Marin, 18:00etan. Parte hartzaileek txokolate pastela eta fruta brotxetak prestatuko dituzte. Antolatzaileek eskainiko dituzte beharrezko osagai eta material guztiak. Ekitaldirako plaza guztiak beteta daude.
Euskara, ikastetxeetatik harago
Eusferaren atzean Taupa mugimendua dago. Antolatzaileek ezinbestekotzat jo dute euskaraz bizitzeko aukera badela erakustea: "Euskara ez da bakarrik ikastetxeetan erabiltzeko hizkuntza; euskaraz irakurri, dantzatu, amestu, sortu eta gozatu daitekeela erakutsi nahi diegu gure haurrei. Gainera, euskara mundua ulertzeko eta gorpuzteko bitartekoa ere badela gaineratu du, eta ikuspegi hori bat datorrela Eusferak bultzatzen duen ildo komunitarioarekin", adierazi zuten, atzo, Iruñeko aurkezpenean, Irauli elkarteko kideek.