UEMAk gonbidapena egin du errenta aitorpena euskaraz egiteko

M.Z. 2026ko apirilaren 22a

Apirilagaz batera, 2025eko ekitaldiko errenta aitorpenaren epealdia hasiko da Hego Euskal Herrian, eta, horregaz batera, UEMAk, bertako kide diren udalekin eta Foru Ogasunekin elkarlanean, berau euskaraz egiteko kanpaina hasi du aurten ere. Bizkaian eguaztenean hasi zen errenta aitortzeko epea, apirilaren 15ean.

Kanpaina honen barruan, UEMAk errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak eman ditu. Esaterako, hitzordua hartzerakoan, ogasunagaz hartu-emana euskaraz izan gura dela adieraztea nahikoa da hartu-emana euskaraz izan dadin, bai aurrez aurre eta baita telefonoz zein Internet bidez ere. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso daitekeela zehaztu dute. Errenta aitorpena Interneten bitartez egiten duenak euskarazko bertsioa jaitsi dezake, eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitza bat aukeratzen duenak berariaz adierazi beharko du aitorpena euskaraz egin gura duela. Beste moduren batean egiten duenak —finantza erakunde batean, esaterako— euskaraz egiteko eskatu dezake.

Herrietako datuak
"Errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua urterik urte gorantz doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindino", esan dute UEMAkoek, eta datuek ere horixe erakusten dute. Iaz, Bizkaian, Amoroto (%27,9), Mendexa (%23), Aulestia (%22), Ispaster (%18,7) eta Gizaburuaga (%16) izan ziren euskaraz errenta aitorpenik gehien egin zuten herriak. Gipuzkoan gehienezko ehunekoak handiagoak dira: Orexa (%71), Zerain (%69), Amezketa (%61), Ataun (%60) eta Abaltzisketa (%60), UEMAkoek emandako datuen arabera.

Durangaldeari dagokionez, ehunekorik handiena Otxandiokoa da, %10,6gaz. Atxondo dator segidan, %7,5egaz. Portzentajeetan Garai da hirugarren herria %7,2gaz. Bi herririk handienek, Durangok eta Zornotzak, ehuneko bera dute: %4,3.

Durangaldean, batez beste, Otxandion eta Atxondon egiten da errenta aitorpena gehien euskaraz.

Eskualdeko datuak, ehunekotan

• Abadiño: % 5
• Atxondo: % 7,5 
• Berriz: % 5,4 
• Durango: % 4,3
• Elorrio: % 5,6
• Garai: % 7,2
• Iurreta: % 6,1
• Izurtza: % 6,7
• Mallabia: % 4,1 
• Mañaria: % 5,9 
• Otxandio: % 10,6 
• Zaldibar: %3,7
• Zornotza: % 4,3  

* UEMAk jakinarazitako datuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!