"Korrikaren lekukoa hartzeko unea irudikatzeak ilusioa eta emozioa sortzen ditu"

Aitziber Basauri 2026ko martxoaren 28a

Ainhoa Zubizarreta Zuriturriza (Durango, 1999) Berbaro euskara elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea eta udalekuetako koordinatzailea da, eta Eneritz Urrutibeaskoa Elordi (Markina-Xemein, 1991) ANBOTO proiektua babesten duen Anbotokidea. Elkarregaz eramango dute 24. Korrikaren lekukoa Durangon. Euskararen aldeko ekimenaz harago euskarari indarra ematen jarraitzera deitu dituzte herritarrak.

Badator Korrika. Zelan hartu duzue Korrikaren lekukoa eramateko proposamena?
Ainhoa Zubizarreta: Sorpresagaz hartu nuen, ez nuelako espero. Hala ere, segituan esan nuen baietz, birritan pentsatu barik. Ilusioagaz eta oso pozik nago Berbaro elkartearen izenean lekukoa eramango dudalako. 
Eneritz Urrutibeaskoa: Pozik. Egia esanda, ANBOTOren izenean Korrikaren lekukoa eramango nuela esateko deia jaso nuenean urduri ipini nintzen. Anbotokide legez lekukoa eramateko lehiaketan izena eman nuen, baina ez nuen espero deitzea. Orain, urduri ez ezik, oso pozik nago. 

Inoiz eraman duzue Korrikaren lekukoa?
E.U.: Bai, birritan eraman dut, Markina-Xemeinen. Domekan, hirugarrenez eramango dut. 12 bat urte izango nituen lehenengoz hartu nuenean. Herri barruan egin genuen korrika. Eta orain sei urte berriro eraman nuen. Gogoan dut goizaldean pasatu zela, eta bizkor-bizkor zihoala. Egun hartan, herrigunetik irtendakoan hartu nuen lekukoa. Oso gogoan dut.
A.Z.: Nik ez dut sekula hartu. Lehenengo aldia izango dut. Ea zelan doan...  

Modu berezian prestatu zarete korrika egiteko?
A.Z.: Ez. Lekukoa eramateak bere garrantzia du, urduritasun apur bat ere sortzen du eta nahaste horrek indarra ematen du korrika egiteko. Motibazio hori nahikoa izango delakoan nago.  
E.U.: Hala da! Hainbeste jenderen aurretik lekukoa eramateak urduritasuna sortzen du, baina urduritasun positiboa dela esango nuke. Horrek lagundu egiten du korrika egiten. 

Korrika goizaldean pasatuko da Durangotik, ordu aldaketagaz batera. Zelan antolatuko duzue eguna?
A.Z.: Landako Gunean egingo den afarirako txartela hartu dut lagun kuadrillagaz, eta bertako ekitaldietan parte hartuko dugu. Ondoren, Korrikagaz bat egingo dugu.
E.U.: Gure inguruan ume txiki asko dago eta ordutegiak ez du askorik laguntzen, baina lagun taldea elkartuko gara eta nonbaiten afalduko dugu Korrikara batu aurretik. Dena dela, ez dugu ezer lotuta. 

Zer sentitzen duzue Korrikaren lekukoa eskuan hartzeko momentu hori irudikatzean? Korrika jarraitzen ari zarete?
A.Z.: Gehienbat, emozioa. Egun hauetan, ikastolan zuzenekoak ikusten eta jarraitzen gabiltza ikasleekin, eta hainbeste jende korrika ikusteak ordurik ordu eta gelditu barik ilusioa eta emozioa sortzen ditu.
E.U.: Bai. Gainera, zelanbaiteko harrotasuna ere sortzen du euskalduntasun hori oraindino bizirik dagoela ikusteak.

Baduzue gogoan Korrika barruan bizi izandako esperientzia berezirik?
A.Z.: Azken urteetan lagunekin parte hartu dut Korrikan, baina bereziki gogoan dut Korrikak Ibaizabal ikastolan antolatzen den Udaberri Festagaz bat egin zuenekoa. Batxillergoa ikasten nenbilen eta egun osoa jai giroan pasatu ondoren Korrikara batu ginen. 
E.U.: Gogoan dut Markiña-Xemeinen gu ere Udaberri Festa baten ondoren batu ginela Korrikara, goizaldean. Korrikagaz lotuta umetako oroitzapen asko dut, mordoa. Dena dela, Korrika nire urtegunean pasatu zen urtea daukat akorduan batez ere, eta baita orain urte bikoa ere. Haurdun nengoen, eta handik lasterrera ziren jaiotzekoak gure alaba biak. 

Korrikak euskararen aldeko kontzientzia pizten du ekimenak irauten duen egunetan. Baina egunerokoan zein da Berbarok duen erronka nagusia, Ainhoa? Zelan ikusten duzue euskararen osasuna belaunaldi berriei dagokienez?
A.Z.: Durango euskalduntzea da Berbaro elkartearen helburu edo erronka nagusietariko bat, eta, horretarako, hainbat jarduera eta proiektu garatzen du urte guztian zehar, gazte zein helduei zuzendurikoak. Badaude egunerokoan euskaraz bizi diren durangarrak, baina esango nuke gura baino gutxiago erabiltzen dela euskara. Ematen du belaunaldi berriek trebetasun falta dutela euskaraz berba egiterakoan.  
E.U.: Bat nator Ainhoagaz. Herri txiki batetik nator ni, baina Durangon gura baino gutxiago entzuten dut euskaraz, eta horrek pena apur bat ematen dit.

Eneritz, Anbotokide legez Korrikan ANBOTOren komunitate osoa ordezkatzeak zer esan gura du?
E.U.: Durangon lekukoa eramateko aukera ezin hobea izan da ANBOTOk eskainitakoa, eta harro eta gustura eramango dut. 

Lekukoa eskuan, nor izango duzue gogoan? 
A.Z.: Berbaro euskara elkartea, eurekin umetatik izan dut-eta lotura, udalekuetan hasi nintzenetik; eta elkarteko kideak, jakina. Amari ilusio handia egin dio Korrikaren lekukoa nik eramateak eta bera ere oso gogoan izango dut.
E.U.: Momentua biziko dut, baina ANBOTO izango dut gogoan. Euskara bultzatzen jarraitu dezazuen animatu gura zaituztet, astekaria euskaraz kaleratzen jarraitu dezazuen. 

Lekukoaren barruko mezua idatzi izan bazenute, zer idatziko zenuten?
E.U.: Erabili dezagun euskara, mesedez. Askok dakigu euskaraz egiten, baina askok ez dute erabiltzen. Horrek pena eta amorrua sortarazten dit askotan.
A.Z.: Bat nator Eneritzegaz. Nondik gatozen eta nor garen kontuan hartuta, herri eta euskaldun legez eman diezaiogun indarra gure hizkuntzari, bizirik mantendu dadin. 

Korrika heltzear dela, zer duzue esateko irakurleei?
A.Z.: Parte hartu, eta Korrika amaitzean jarraitu euskarari indarra ematen.
E.U.: Bai, jarraitu dezagun euskara erabiltzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!