"Durangaldean ez ezik, Bilbon ere gazte olatua irudikatu gura dugu Korrikan"

Anboto 2026ko martxoaren 27a

24. Korrikaren edizioak nobedade ugari izan du eta horietariko bat Gazte Euskaltzaleen Sareak aurkezturikoa da. Iazko abenduan, tokian tokiko Korrika batzordeetan parte hartzeko deia egin zieten gazteei, eta, gazte olatua ikusarazteko, zapi bereizgarria ere sortu dute. Korrikak irauten duen egunetan zapia janzteko deia egin dute. Euro bateko prezio sinbolikoan eskuragarri egongo da zapatuan bertan, Korrika Durangaldera helduko den egunean. Landakon egingo duten egitarauaren barruan ipiniko dute postua. ANBOTO Durangoko Gazte Euskaltzaleen Sareko Jone Gutierrez kideagaz batu da. Gaztea gogotsu dago Korrika Durangora heltzeko. "Batzordeetan hutsune bat dagoela uste dugu eta gazteon ikuspuntuak kontuan hartze aldera parte hartzen dugu", azaldu du Gutierrezek. Beraz, hainbat gazte beharrizan horri erantzuteko asmoagaz batu da batzordera, bai Durangon eta baita Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere.

Korrika dela eta, Gazte Euskaltzaleen Sarekoek gazte dinamika ipini duzue martxan. Zertan datza?
Gazteak mobilizatu eta gazteak lehenengo lerroan ipintzea gura dugu, eta, horretarako, dei bat egin dugu; alde batetik, gazteek Korrika batzordeetan parte hartzeko. Bestalde, gida moduko bat ere prestatu dugu, ideien bitartekari moduko bat. Bertan, euskararen egoera gazteen ikuspuntutik azaltzen da eta zenbait ekintza proposazen da, norberak bere herrian edo inguruan egin ahal izateko modukoak. Adibidez, Korrikan Gazte kilometro bat antolatzea. Gazteok lehenengo lerroan gaudela erakusteko modu ona iruditzen zaigu. Egitarau propio bat antolatzea ere bazen beste aukeretariko bat. Saretzeko gai garela erakutsi gura dugu, eta lehenengo lerro horretan gaudela. Neurri batean, lortu dugula uste dugu.

Gazteen zapia ere atera duzue.
Zapia gure elementu bereizgarria da, gazte sare horren erakusle nagusietariko bat. Atharratzetik abiatu osteko lehenengo kilometroetan asko ikusi da, adibidez. Durangon ere antzeko irudi bat bilatzen dugu; gazte kilometroan, gazteak zapiekin korrika ikustea gura dugu. Bilborako ere dei berdina egin da, martxoaren 22rako. Guztiok batera, gazte olatu bat erakusteko.

Korrika batzordean ere parte hartu duzu. Egitaraua antolatu duzue zapaturako. 
Bai. Korrika batzordeari ekarpena egiten ahalegindu gara, gazteon ikuspuntua ere kontuan hartzeko.

Inoiz entzun dugu gazteak ez zaudetela euskalgintzan edo beste gai batzuetan nahikoa inplikatuta. 
Gazteok sekulako potentziala dugu euskararen aldeko borrokan. Alde batetik, etorkizuna garelako, eta, bestetik, gure artean ere berba egiten dugulako. Orain berpizkunde bat dagoela esango nuke, bai euskararen erabileraren inguruan eta baita kontzientzia aldetik ere. Korrikan bertan, esango nuke gazte gutxik parte hartzen dugula batzordeetan, eta hutsune hori betetzea garrantzitsua da. Aurrerapauso bat da, gazteon ikuspuntua kontuan hartu eta mobilizatzen lagunduko duelako, eta hori positiboa delako euskaren aldeko borrokan.

Baduzue hartu-emanik Durangaldeko sareko beste norbaitegaz?
Bai. Adibidez, Zornotzan ere Gazte kilometroa egingo dute. Horrek erakusten du Durangaldean badagoela gazte kopuru majo bat euskaragazko atxikimendua duena. Beraz, deia zabaltzen dugu Durangoko Gazte kilometroan zein Bilboko deialdian parte hartzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!