Errigorak udaberriko kanpaina hasi du. Gaurtik martxoaren 18ra bitarte, euskaltzaleek urte osorako produktuak eskatu ditzakete errigora.eus atarian, eta modu horretan, etxeko despentsa bete: oliba-olioa, kontserbak (zainzuriak, piperrak, orburuak, kardua, barazkiak, menestra, potxak, txitxirioak, babarrunak, tomate frijitua), arroza, pasta, dilistak eta arbendolak daude salgai. Ohi bezala, baturiko diruaren zati bat Nafarroako euskalgintza sustatzera bideratuko dute, euskara ofiziala ez den zonaldean. "Kontsumo-ohiturak aldatzea beharrezkoa da herriaren alde egiteko", azpimarratu du Errigorak.
Aurtengo kanpaina ere auzolanean egingo dute. Euskal Herriko 200 udalerritan jaso ahalko dira kaxak. Durangaldeari dagokionez, Abadiñon (Gerediaga auzoa), Atxondon (Amillena), Berrizen, Durangon (AEK, Kurutziaga, Ibaizabal), Elorrion (AEK, Txintxirri), Zaldibarren eta Zornotzan (AEK, Altamira auzoko lokala eta Andra Mari ikastola). Eskatzaileek apiril amaieran edo maiatzean zehar jasoko dituzte kaxak.
Errigoraren inpaktua
Aipatzekoa da Errigorak utzitako lorpenak: 2022an, Nafarroako oliba-olio ekoizpen ekologikoaren %11 Errigoraren bidez merkaturatu zen eta txitxirio ekologikoen kasuan %65. Era berean, egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, merkaturatzen diren produktuen atzean 900dik gora nekazariren lana dago.