Urtarrilaren 31n GKS-k "faxismoaren eta autoritarismoaren aurka" egingo dituen manifestazioak aurkeztu dituzte Durangaldean

A. M. 2026ko urtarrilaren 4a

Durangoko aurkezpenaren irudia.

"Kontzientzia antifaxista pizteko" helburuagaz manifestazio bi egingo ditu GKS erakundeak urtarrilaren 31n, Bilbon eta Iruñean. Asteburuan aurkezpen bi egin dituzte Durangaldean: barikuan Durangoko gaztetxean eta zapatuan Elorrioko Ateneon. Manifestazioen aurretik, ekimen gehiago egingo dutela iragarri dute. Adibidez, urtarrilaren 23an "faxismoari buruzko hitzaldia" eskainiko du Durangaldeko Kontseilu Sozialistak Durangoko San Agustin kulturgunean, 18:30ean. Zornotzan eta Abadiñon ere aurkezpenak egingo dituztela azaldu dute, baita ere.

Gazte Koordinakunde Sozialistaren berbetan, faxismoaren gorakada Europa osoan ematen ari da. "Europa osoan ideia erreakzionarioak zabaltzen ari dira eta estatuak gero eta autoritarioagoak dira", salatu dute. Testuinguru horretan, manifestazioek "kontrapisua" egin nahi dute. "Kontzientzia antifaxista piztu eta faxistei mezu argia bidali gura diegu: datozen lekutik datozela, aurrean izango gaituzte". 

Urtarrilaren 31n Bilbon egingo den manifestaziorako Durangaldetik autobusez eta trenez elkarregaz joateko hitzorduak egingo dituztela aurreratu dute; sare sozialen bidez emango dute hitzordu horien berri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!