Durangaldeko Ikasle Abertzaleak IAS antolakunde berrian eratu dira

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 1a

Berrioazarko frontoia bete-bete egin zen antolakunde berriaren aurkezpenean. DURANGALDEKO IKASLE ANTOLAKUNDE SOZIALISTA

Erakundeak Ikasle Abertzaleak izateari utzi dio, eta Ikasle Antolakunde Sozialista izena hartu du (IAS). Durangaldeko kideek iragarri dutenez, lanean jardungo dute eskualdeko herrietan eta ikastetxeetan. Berbaldiak eta propaganda ekintzak antolatu gura dituzte, izen aldaketa baliatuta.

Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak ikasle erakunde berria aurkeztu du: Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS). Zapatuan aurkeztu zuten jendaurrean, Berriozarren (Nafarroa), Mugimendu Sozialistako 700 bat kide lagun. Eta hori horrela, amaiera jarri zioten Ikasle Abertzaleak sindikatuaren 37 urteko ibilbideari. Erakundearen izena "eguneratzea" erabaki zuten, eta "estrategia komunistaren bidea" berretsi: "Hemendik aurrera, Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) gisa jarraituko dugu lanean. Izen berri honekin, batetik, gure izaera sozialista-raultzailea nabarmendu nahi izan dugu; bestetik, azpimarratu dugu gure jardun-eremua Euskal Herria dela, zeinetan nazio-zapalkuntzari aurre egitea eta hura deuseztatzea lehentasunezkoa den oraindik ere", azaldu du IASek hedabideetara bidalitako oharrean. 

Antolakundeak "ikasle langileen interesak" babestea izango du zeregin, eta "autodeterminazioa" eta "Euskal Estatu Sozialista" aldarrikatzen dituela zehaztu du. Horrez gainera, "faxismoaren aurkako eragile aktiboa" izatea gura dute, "faxismoari hezkuntzan eta ikasleen artean hedatzen utziko ez dion eragile aktiboa".  

Durangaldeko kideek iragarri dutenez, lanean jardungo dute eskualdeko herrietan eta ikastetxeetan. Izen aldaketa aprobetxatuta, berbaldiak eta propaganda ekintzak antolatuko dituztela iragarri dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!