Zertan gabiltza? Non geratu da gizatasuna? Galdera hauen erantzuna ezin aurkituta abiatu genuen Bizkaiko suhiltzaile talde batek Ekialde hurbilean gertatzen denaren inguruko gogoeta. Hurrengo galderak ere errazak ziren. Ez horrenbeste erantzunak.
Zer egin dezakegu guk "giza laguntza" terminoa existitu ere egiten ez den toki horretara gure elkartasuna helarazteko? Nola da posible horren agerikoa izanik –gaur egun sareetan Gazako sarraskiaren irudirik ikusi ez duenik ez da– munduak horren itsu, horren mutu eta horren gor jarraitzea?
Artean BDS ek (Israeli boikot, desinbertsio eta isunen aldeko mugimenduak) Bilbon deitua zuen Israel-en zapalkuntza salatzeko manifestazio bat. Bertan elkartu ginen gutako suhiltzaile asko. Eta bertan erabaki genuen guk ere kolektibo modura zerbait egin behar genuela. Garbiketa etniko honen aurrean begiak ixteak historiaren alde okerrean jarriko gintuen bestela. Gauzak horrela, kutsu politikorik gabeko ekintza bat planteatu genuen. Mezu aseptiko bat. Ekimen xume bat. Bizkaiko zortzi suhiltzaile parkeetan xingola beltzdun palestinar bandera bat jartzea erabaki genuen. Ordurako hausnarketa parke guztietako lantalde guztietara zabaldua zegoen eta adostasun kolektiboa lortua. Uda zen. 2024 ko uda.
Gure ahaldun nagusiari ez omen zitzaion udatiarrak espektakulu hori ikustea gustatu. Hori esan ziguten zuzeneko buruzagiek handik gutxira ikurrak kentzeko agindua jaso genuenean. Akaso Israelekiko menpekotasun ekonomikoak pisu gehiago du gizatasunak baino. Auskalo! Hasi ziren tirabirak. Banderak kentzeko aginduak, gure erresistentzia eta arduradunen mehatxu puntualen bat.
Azkenean kendu zituzten, Aldundiak bere eraikinetan ikurrak arautzen dituen foru araudia aintzat hartuta. Nahi izan denean beste era bateko ikurrak jartzea ahalbidetu duen legedia beraren izenean. Legalitatea vs justizia. Justizia poetikoegia behar bada hondakinen azpian datzaten palestinar gorpuentzat. EHko beste zerbitzuetatik jaso genuen babesa oso presente daukagu oraindik.
Pasatu dira hilabete batzuk ordutik. Baina egoerak ez du orrialderik pasatu. Lehen inork zalantza izpirik bazuen, dagoeneko inork ez dauka dudarik; GENOZIDIO larri baten aurrean aurkitzen garela argi daukagu denok. Egunero gogoratzen digute adituek berrietan. Eta hilabete hauetan ikusi dugu nola gizarteak aurre hartu dion mundu mailako agintarien pasibotasunari: gelditu dira kirol probak, manifestazio erraldoiez salatu dituzte Israel-en zurikeria eta arrazakeria, Flotillek utzi dituzte portuak Gazara bidean... Eta guk zer? Artatu ditugu Valentziako uholdeak eta Leongo suteak. Argazki polit asko atera ditugu. Baina guztiz abandonatu ditugu lubakiaren alde desegokian jaiotakoak. Urrunegi agian. Deserosoegi.
Samina barrenak jaten dituen har bat da elkartasunean sinesten dugunontzat. Gezurretako su-eten baten notiziak ez ditu palestinarrak asko lasaitu. Okupazioak eta hilketek jarraitzen dute. Eskubide urraketak eta injustiziak berberak dira. Pintura zuri merkeegia lotsaren orban sakon hori estaltzeko.
Kezka horrek bueltatu gintuen zerbait egin beharraren ideiara. Berriro gure lankideen artean bozketa egin eta gehiengo argiz erabaki genuen banderak parkeetan berrezartzea. Urriak 15ean sindikatu nagusiek egindako deialdiarekin bat eginez Bizkaiko suhiltzaile parkeetako mastetan palestinar banderak azaldu ziren beste behin. Udazkeneko hego haizeak gogor astindu ditu gure banderak. Eta ekarri dizkigu lagunen animo eta maitasun mezuak. Elkartasun hauts horretatik zerbait barreiatuko al da Gazako umeen eskuetara?
Gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dagoela jabetuta esperantza puntu bat bagenuen arren, aste honetan jaso dugu beste behin banderak kentzeko agindua. Palestinar futbol selekzioak Europan lehen aldiz jokatuko duen aste honetan, gure parkeak elkartasunez biluztuak geratu dira. Gure gogoz kontra biluzik. Eta berriro suspertu zaizkigu galderak; Noiz jabetuko gara, jabetuko dira gure buruzagi politikoak, elkartasuna negoziatu ezin den balio bat dela? Eta gu garela hiltzen ari diren milaka haur horien esperantza izpi bakarra? Gu gara lubakiaren alde okerrean jaiotzea tokatu zaien ume horien duintasunerako pasabide bakarra. Nekez loratzen da ezer ikusezintasunaren bestaldean.
Gotzon Idirin, Iñigo Mendibil, Unai Lorente, Iker Mendizabal, Markel Urtubi, Urko Galdos, Jabi Gorostiza, Jesus Duque, Lander Astorkia, Iviça Bozinovic, Andoni Zugarramurdi... Bizkaiko suhiltzaileetako Palestinaren aldeko lantaldearen izenean.