Korrikak Atharratze eta Bilbo lotuko ditu martxoan

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 13a

Euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren 19an irtengo da Zuberoako udalerritik, eta hilaren 29an helduko da Bizkaiko hiriburura, 11 egunez Euskal Herria zeharkatu eta gero. 'Euskara gara' izango da leloa; Errigora omenduko dute.

AEKk prest dauka Korrikaren edizio berria eta aste honetan eman ditu manifestazio erraldoiaren lehenengo xehetasunak. 24. edizioak Zuberoako Atharratze txikia eta Bilbo, Euskal Herriko hiririk handiena, lotuko ditu martxoaren 19tik 29ra, bidean Euskal Herri osoko bazterrak egunez eta gauez zeharkatu eta gero. Euskara gara izango da edizio honetako goiburua: "Denok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak garrantzia. Euskaltegietan izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz Euskal Herrian ikasi eta bizi nahi dugunok... denok herri bat gara. Euskara gara", esan dute Korrikako arduradunek. Era berean, manifestazio erraldoira batzera deitu dituzte herritarrak: "Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu da Korrikaren garra!". Gainera, edizio honetako eragile omendua Errigora izango dela iragarri dute.

Indarraldirako deia

Ohikoa duen moduan, AEKk euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta euskaltegiak finantzatzeko baliatuko du 2026ko Korrika. Alabaina, bere helburuetatik harago, koordinakundeak pizkunde berri bat abiatzeko baliatu gura du egitasmoa, euskararen komunitatea "larrialditik indarraldirako" bidean ipintzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!