Mankomunitateko EAJk jakitera eman duenez, atzoko osoko bilkuran Gizarte Ekintzako langileek hartu zuten berba, ordezkari politikoei eskari bat egiteko. Gizarte langileek plantilla handitzeko eskaria egin zioten Mankomunitateari, "herritarren eskari gero eta handiagoei berme osoz erantzun ahal izateko". Momentu honetan hamar profesionalek eskaintzen dute gizarte zerbitzuetako arreta, baina langileen iritziz, "gutxienez" bi behargin gehiago beharko lirateke arlo horretan. Hori dela eta, EAJk auzia "seriotasunez aztertzeko" eskatu dio EH Bilduri, eta "kezka" agertu du koalizio subiranistak erakundeko gizarte langileei erantzun ez diela iritzita.
Halaber, EAJk azaldu du aurreko legealdian indartu egin zutela Gizarte Ekintzako arloa, bertara "gizarte-langile berri bat eta, lehen aldiz, arloko koordinatzaile bat" sartuta. Horrek herritarrei eskainitako arretaren kalitatea "hobetu" zuela nabarmendu dute jeltzaleek.