9:30ean egin dute hitzordua, Euskotrenek Bizkaiko hiriburuko Zazpikaleetan daukan geltokian (San Nikolas elizaren ondoan), eta 9:55etako trena hartuko dute, Donostiara doana. Helmuga, baina, ez da Gipuzkoako hiriburua izango, Abadiñoko Traña-Matiena auzoa baino. Treneko azken bagoian sartuko dira denak, lekua hartuko dute, eta bidaia hastearekin batera, jostorratzak, hari-matazak eta kakorratzak atera, eta josteari ekingo diote. Euskaraz egingo dute hori guztia, bistakoa denez, hizkuntza praktikatzeko jardunaldia izango da-eta domekakoa. Izan ere, Bizkaiko hainbat herritako berbalagun-taldeak joskintzaren bueltan antolatutako taldeak dira. Hau da: hainbat dira herrialdeko udalerrietan astero-astero joskintzan eta euskaran trebatzeko hitzordura batzen direnak. Durangaldean ere ugari dira gisa horretako taldeak. Domekakoa, beraz, hitzordu natural-naturala dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, Durangaldeko kideez gainera, Bilboko, Galdakaoko eta Enkarterrietako kideak batuko dira bidaiara. .
Ane Lusarreta da Durangaldeko Berbalagunen koordinatzailea, eta egitasmo berezi horren nondik norakoak kontatu dizkio ANBOTOri: "Domekako egitasmoak gure Durangaldeko berbalagunetako batek partekatutako esperientzia du sorburu. Kideetako batek komentatu zigun, behin, josi bitartean egin zuela Bilbo eta Donostia arteko tren-bidaia. Alabaina, egitasmo hura erdara hutsean egin zuten, eta guri ideia polita iruditu zitzaigun antzerako zerbait euskaraz egin ahal izatea. Bizkaiko gainerako eragileei proposatu nien ideia, eta azkenean, hori antolatzea erabaki dugu". Ziurrenik, ikusteko modukoak izango dira berbalagunekin batera trenean doazen gainerako bidaiarien harridura-aurpegiak. Nork daki. Akaso, bati baino gehiagori sartuko zaio euskaraz egiteko edo josteko grina. "Bidean zehar, baten batek tren horretara igo nahiko balu, demagun, Zornotzan-edo, jakin dezala ateak zabal-zabalik dituela", gonbidatu du Lusarretak.
Musika eta mokaduak ere bai
Behin Traña-Matiena auzora iritsita (10:41ean), berbalagunak Traña plazara hurreratuko dira. "Joskintza-txokoak antolatuko ditugu han. Batzuek bolilloak egingo dituzte, eta ikasten hasi berri direnek patroiak egiten ikasiko dute. Era berean, kakorratz taldekoak egongo dira, baita arropa birziklatuarekin jantzi berrituak sortzen dituztenak ere", azaldu du Lusarretak. Behin joste lanak amaituta, jaia egiteko tartea hartuko dute. 13:00ak aldera, zuzeneko musika-saioaz gozatu ahal izango dute, Baske Street Boys taldeko kideen emanaldi akustikoa lagun. 14:00etan mokadutxoa izango dute: pintxoak eta zukuak, besteak beste. "Behin horiek bukatuta, etxera bueltako trena hartu ahal izango dute parte-hartzaileek", azaldu du Lusarretak.
Elorrioko Berbalaguneko jostunak.