Entzun, gure bihotzaren taupadak euskaraz dira! dio Bulego taldeak Euskaraldirako beren-beregi konposaturiko kantak, eta orain, taupadak barik, euskarazko elkarrizketak hauspotzeko eta entzuteko sasoia heldu da. Euskaraldia, hizkuntza ohiturak eraldatzeko ariketa erraldoia, gaurtik maiatzaren 25era arte egongo da martxan. Bitarte horretan, Ahobiziek eta Belarriprestek paparrean txapa bana ipinita egingo dute bizimodua kaleetan, etxeetan, lantokietan zein aisialdian. Ahobizi rola aukeratu dutenek euskaraz bizi gura dutela eta hizkuntza dakienari zein ulertzen duenari euskaraz egingo dietela erabaki dute. Belarriprest rola jokatzen dutenek, ostera, hizkuntza ondo-ondo egin ez arren, euskaran trebatu gura dutela eta dakienak eurei euskaraz egin diezaietela eskatuko dute. "Oraintxe da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan", adierazi du Euskaraldiko koordinazio orokorreko Jon Kobeaga kideak. Euskararen erabileran eragiteko "orain-oraingoz daukagun tresnarik indartsuena" legez definitu du Euskaraldia.
Ahobizi eta Belarriprest rolez gainera, hirugarren bat ere egongo da jokoan: xaxatzaileen rola. Umeek eta nerabeek helduak xaxatzeko lana izango dute, erdaraz berba egiteari utzi eta euskaraz hasi daitezen. Edozelan ere, Ahobizi, Belarriprest ala xaxatzaile izan, Euskaraldiko kideek azpimarratu dute euskaraz egitea dela kontua: "Euskaraz berba egiteko dugun gaitasuna baino gehiago, euskaraz zenbat, zenbategaz eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua”. Erabaki horrek bakarrik norberak 11 egun horietan izango duen jarreraren eta portaeraren inguruan pentsarazten du, beraz. Eta parte-hartzaile guztiek harturiko erabakiei eskerrak, egunerokotasunean euskararen presentzia areagotzea lortzea du helburu Euskaraldiak. Heldu da ordua, eta ariketan parte hartzeko aukera zabalik dago oraindino ere. Izen emateak euskaraldia.eus atarian egin daitezke.