Landuek, Durangaldean lan mundua euskalduntzeko sareak, hazkunde berri bat izan du gaur. Kide berriak batu dira lantokietan euskara sustatzeko konpromisora. Honako hauek: Ibaizabal Ikastola, Gerediaga elkartea, Bikain, Ona, Kultiba, Aisilan, Inforlur, Eiser, Eixu artisauen elkartea, Urkilan, Macober, Delikatetxe, Oarbeaskoa Lantegia, Inmediobai eta Kirolene. Horiekin guztira, 38 kidera igo da arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko sarea. Ibilbideko lehenengo harria 2021ean ezarri zutenetik, hazten joan da Landue, eta aurrera egiten jarraitu gura dute. Alde horretatik, egitasmoaren bultzatzaileek sarera batzeko gonbitea egin diete gainerako enpresei.
Egitasmoan esku hartzen duten lantokietako eta Lanbide Heziketa institutuetako ordezkariak Elkartegian batu dira eguerdi honetan. Sarera batu berri diren 15 eragileek agiri bana sinatu dute ekitaldian, bakoitzak beretik eta bere eremuan euskara sustatzeko konpromisoa hartuta. Arduradun politikoak ere bertan izan dira, proiektuari babesa eta hauspoa ematera hurbilduta. Besteak beste, honako hauek: Idoia Otaduy Mankomunitateko presidentea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria, Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe, Iurretako alkate Oskar Koka eta Mañariko alkate Ainara Otxotorena. Ekitaldia AEKko Mertxe Mujikak gidatu du.
Enpresarien hausnarketak
Agiria sinatzetik eta konpromisoa hartzetik aparte, bertan baturikoek hainbat hausnarketa partekatu dute. Mikel Amiano Inforlur enpresako zuzendariak, adibidez, enpresako egunerokotasunean euskaraz dihardutela azaldu du. "Euskaraz gabiltza egunerokotasunean, eta helbide elektronikoak euskaraz erantzuten ditugu, beste aldean dagoena euskalduna den ala ez jakin barik", azaldu du. "Bai Euskarari ziurtagiria daukagu, baina errealitatea bestelakoa da administrazioan. Administrazioan euskara baloratzen hastekoa deia egin gura dut, kasu askotan, euskararik ez dakiten administrariekin egin izan dugu-eta topo. Bai Eusko Jaurlaritzan, bai Bizkaiko Foru Aldundian, eta baita udaletan ere", aitortu du Amianok.
Ona enpresako Joseba Onaindia zuzendariak epe laburrean emango dituzten pausoen berri eman du: "Euskara txikia da eta denon laguntza behar du. Prest gaude erronka honi aurre egiteko. Euskaraldia badatorrela eta, batzorde bat sortu dugu, eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu barik, Euskararen Astea ospatuko dugu. Euskaraldian banatu ohi diren antzerako txapak banatuko ditugu enpersan, hizkuntzaren erabilera areagotzeko", aurreratu du Onaindiak.
Bestalde, Lanbide Heziketako ordezkariek ere hartu dute berba. Urko Belastegi Iurretako Lanbide Heziketako institutuko ikasle ohia da. Usansolotarra da bera, eta enpresa berri txiki bat zabaldu berri du Lemoan. Bere praktikaldiak erakutsi dio bezeroekin euskarazko hartu emana izatea hurbiltasun sinonimo dela; "asko eskertzen dute", dio. Lier Arkarazok, berriz, Maristak ikastetxean egin ditu ikasketak, eta bera da ikastetxe osoan zehar praktikaldia euskaraz egitea eskatu duen kide bakarrenetarikoa. "Nire lagunetako inork ez du pratikaldia euskaraz egin. Nik euskaraz egitea erabaki nuen. Kaletik noala erdara nagusi dela ikusten dut. Publizitate iragarkietan, adibidez, erdara da nagusi. Baina bultzada behar duena euskara da. Horrenbestez, iragarki horiek alderantziz idatzita egon beharko lukete", iritzi dio. Iurretako Lanbide Heziketako Joseba Arregik azpimarratu duenez, euskaraz eskaintzen dituzte Lanbide Heziketako eduki guztiak.
Politikarien esanak:
- Idoia Otaduy (Mankomunitateko presidentea): "Txiri-txiri handitzen doa Landue. Denon ahalegina eta konpromisoa behar dugu, bai erakundeena, bai lan eremuko eragileena. Landuek itzelezko ekarpena egiten du. Errotulazioa euskaratzea, enpresetan praktikak euskaraz egin ahal izateko tutoreak izendatzea, enpresetan euskara bultzatzea... askotariko ereduak dira, baina denek dute norabide bera".
- Aitor Aldasoro (Hizkuntza Politikarako Sailburuordea): "Hizkuntza Politika arnas luzeko zerbait da. Inoiz baino gehiago konturatzen ari naiz zehar-lerroek duten garrantziaz. Edo buruan sartzen dugu norberak beretik egin behar duela, edo ez ditugu beharrezko pausoak emango. Gizarte likido honetan zerbaitek segurtasuna ematen badu, hori hizkuntza da. Hor ereitea tokatzen zaigu. Behetik gora egin behar da, eta gu, administrazioak, bidelagun, makulu, izan".
- Isaac Amezaga (Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria): "Gure ardura nagusia ezagutzan eta erabileran ekitea da. Mezu apokaliptikoetatik ihesi, segi dezagun aurrera. Jauziak eman eta elkarrekin jarraitu behar dugu. Poztekoa da 15 erakunde berri Landuera batzea. Lankidetza, guztion arteko lankidetza, behar dugu euskarak aurrera egiteko".
Landueko kideen eta instituzioetako kideen familia argazkia.