Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskararen Etxeak Gida Bira antolatu dute, bertsolaritza eta ondarea batzen dituen egitasmoa. Jardunaldiak azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean egingo dira, eta hainbat bertsolari egongo da Bizkaiko Foru Aldundiaren babespekoak diren museoetan, museo-gidarien azalpenak bertsoz osagarritzen, bisitarien gozamenerako. Gida Bira joan zen astean aurkeztu zuten Aldundiko eta Euskararen Etxeko kideek. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak aurkezpenean adierazi zuenez, “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Gaineratu zuenez, “euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat" batuko dituzte, "bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.
Egitasmoan Durangaldeko hainbat bertsolarik parte hartuko dute: Iruri Altzerreka garaitarrak, Gorka Pagonabarraga durangarrak eta Eneko Abasolo Abarkas iurretarrak. Honako leku eta data hauetan egongo dira:
- Azaroak 30 (Bilboko Arkeologia Museoan): Altzerreka eta Pagonabarraga Bilboko Arkeologia Museoan egongo dira azaroaren 30ean. Neandertalak erakusketa izango dute bertsotarako abiapuntu. Saioa 17:00etan hasiko da. Izen emateak: 944 040 990, arkeologimuseoa@bizkaia.eus
- Abenduak 1 (El Pobal Burdinola, Muskiz): Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobal Burdinolan eskainiko du saioa 11:30etatik aurrera. Olentzero eta Mari Domingi ere museoan bertan izango dira egun horretan. (Erreserbak, hemen egin behar dira: 629 271 516, elpobal@bizkaia.eus)
- Abenduak 3 (Ondare Aretoa, Bilbo): Euskararen Nazioarteko Egunean, Abarkasek Ondare Aretoko bisita gidatuko du Maite Sarasolagaz batera. Bertsolari biek Kameratik Orratzera lana izango dute bertsotarako gai, Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatutako Bizkaiko XIX. eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketa, hain zuzen ere. (Izena emateko 94 406 77 37 telefonoa eta ondare.aretoa@bizkaia.eus helbidea daude)
Durangaldeko kideen saioez aparte, Gida Birak beste hainbat partaide eta geraleku izango ditu eguenetik aurrera. Euskararen Etxeko atarian kontsultatu daitezke zehaztasun guztiak. Era berean, antolatzaileek gogoratu dutenez, behar-beharrezkoa dela saioetan parte hartzeko izena ematea.