Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta, Emakume Abertzaleen X. Topaketa Feminista egingo dute Laudion, azaroaren 16an. "Euskal Herrian eta munduan dauden erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak bilatzeko" helburuagaz antolatutako jardunaldien Durangaldeko aurkezpena atzo egin zuten, Durangon.
Bilgune Feministako kideeek azaldu dutenez, "Euskal Herri feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi dugun zehazten jarraitzeko konpromisoan berretsi nahi dugu". Bide horretan, "trantsizio feministaren oinarrietan sakontzen jarraitzeko gunea" sortu gura duela nabarmendu dute. "Amesten dugun mundu berri hori sortzeko narratiba eta iruditeri berrietan pentsatu eta galdera berriak egin nahi ditugu", azaldu dutenez. "Irudimena entrenatu nahi dugu, etorkizunean pentsatu, orainaldi bizigarriagoak ere sortzeko. Munduaren eta etorkizunaren narratiba berriak behar ditugu etorkizun hobeetan pentsatu eta horiek lortzeko", gaineratu dute.
Mugimendu feministatik nabarmendu dutenez, "dimentsio guztietan" eragitea dute helburu. Horretarako, "proposamen integralak egiteko espazio eta denborak partekatu" gura dituzte. "Desiratzen dugun herria eraikitzeko urratsetan pentsatzeko ariketa egin nahi dugu, gaur egungo urratsetatik abiatuta. Hori guztia egiteko, antolakuntza eta militantzia feminista beharrezkoak ditugu", diotenez. Askotariko gune eta eremuetatik artikulatu gura dute hori guztia.