'Arnasetik', gazteei zuzendutako bideo lehiaketa, martxan

Anboto 2024ko ira. 19a, 16:00

Lehiaketak adinaren araberako hiru kategoria ditu: LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4. Sariketan 500 euroko balioa duten 4 sari banatuko dituzte. Parte hartzeko azken eguna urriaren 31 izango da.

Hirugarrenez, Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Lehiaketan, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte banaka edo lagunartean. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.

Hiru kategoria, hiru erronka

Aurreko edizioetan bezala, Arnasetik lehiaketaren hirugarren edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatuko dute. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. LH 5. eta 6. mailako ikasleek bere herriko txoko maite baterako bidea erakutsi beharko dute eta azaldu zergatik den beraientzat hain berezia, zer eramaten duten bertara, zer bizipen izan dituzten han... DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek bere herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi beharko dute, jaia nola sortu zen, zergatik eta festa egun horretan zer sentitzen duten azaltzen duten bitartean. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek kazetari papera hartuko dute eta kalean zehar jendeari galdetuko diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen. Behin erantzuna jasota, herritar horrengana hurbilduko da galdera bera egitera bosteko segida osatu arte.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du bai eta publikoaren sariak ere. Honakoetan trukatu ahal izango da nahi den moduan: IrisarriLand parkean, Durangoko Azokan, EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen dendan eta Gure Zirkuan besteak beste. Gazteek urriaren 31ra bidali ahalko dituzte lanak. Publikoak azaroaren 5etik 15era izango du botoak webgunearen bidez emateko aukera. Lanak arnasagara.eus helbideak eskaintzen dituen bideetan aurkeztu behar dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!