Prentsa oharrean azaldu dutenez, "linea berria Aragoitik abiatzen da ebakuazio-lineak ehunka kilometro egin beharko lituzke, paisaiak andeatu eta pertsona ugariren nahiz zeharkatutako eskualdeen etorkizuna baldintzatu".
Alkateen iritziz, "ez dauka inolako zentzurik trantsizio energetikoz hitz egiteak, horretarako, kontsumo-gunearen ikuspegitik, lekutan sortzen diren energia berriztagarriak erabili behar badira eta paisaiak, ingurune naturalak, animalia eta landare basatiak mehatxatzen dituzten eta hamaika landa-ingurunetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea apalarazten duten ehunka kilometroko ebakuazio-lineak erabili behar badira. Eragina ezin da onartu eta ez dago justifikatzerik", azaldu dute hiru alkateek. "Gure bizilagunak defendatuko ditugu, gure ingurunea defendatuko dugu eta beste erakunde batzuk gure ahaleginari lotu dakizkion eskatuko dugu, baina, beste erremediorik ez badugu, gure adinekoen ondarea defendatuko dugu eta, beharrezkoa balitz, geuk bakarrik babestuko dugu. Gure bizilagunen alde eta ingurunearen defentsan bat eginda gaude, eta horri eutsiko diogu gertatzen dena gertatzen dela".
Udal ordezkariek aurreratu dutenez, udazkenean, bilerak egingo dituzte udalerriotan proiektuak eragiten dituen ondorioen berri emateko eta abian jarri dituzten ekintzen berri zabaltzeko. "Prozedura honetan, eta beste batzuetan, ezinbesteko informazioa ezkutatu digute gure bizilagunen interesen alde jardun ez dezagun. Bidegabekeria hori salatu behar dugu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskatu nahi dugu".
Oharrean gaineratu dutenez, Berrizko, Mallabiko eta Garaiko udalek alegazioak aurkeztu dituzte Energía Inagotable de UME S.L. sozietateak sustaturiko “400 kV-ko Goi-tentsioko aireko linea, Valdejasa 1 eta Gatika 1 azpiestazioen arteko tartea” proiektuaren eta “UME parke fotovoltaikoaren eta ebakuazio-azpiegituren ingurumen-eraginaren azterlana” delakoaren aurretiazko administrazio-baimenaren eskaeraren aurka, bai eta gora jotzeko errekurtsoa ere Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak 2023.11.13an emandako Ebazpenaren eta Energia eta Meategien Politikako Zuzendaritza Nagusiak 2024.01.21ean emandako Ebazpenaren aurka.
Bestalde, hiru udalerrietan sortuko liratekeen afektazioak azaldu dituzte:
Osasunaren gaineko ondorioak: Goi-tentsioko instalazioak arriskua dakarkie herritarren osasunari eta, bereziki, azpiegituratik gertu dauden etxebizitzetan bizi diren bizilagunei, baina ez da inolako babes neurririk edo eragindako bizilagunei kalterik egingo ez zaielako bermerik aurkeztu, Europako Kontseiluak eta Europako Parlamentuak gai horri buruz emandako gomendioak urratzen direlarik. Gomendio horiei jarraikiz, zuhurtasun-printzipioa eta ALARA printzipioa aplikatu behar dira.
Proiektuan, ez da neurri nahikorik hartu, goi tentsioko lineek sortzen dituzten maiztasun oso baxuko eremu elektromagnetikoek ondorio larriak sorrarazten dituztelako pertsonen osasunean, batik bat, linearen inguruan bizi direnen herritarren osasunean.
Faunaren gaineko eraginak: Proiektatu diren lanak gauzatzeak ondorio onartezinak eragingo dizkio proiektuaren eremuan bizi den fauna babestuari, besteak beste, igaraba arruntari, bisoi europarrari, ibai-karramarro arruntari edo miru gorriari. Horiek guztiak EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan jasota daude, galtzeko arriskuan dauden edo kalteberak diren espezietzat sailkatuta. Ez dago prebentziozko neurri edo neurri zuzentzaile nahikorik esandako espezieen kontserbazioa bermatzeko eta, gainera, sorrarazitako eragin asko ere ez dira kontuan hartzen.
Ingurumenaren Eraginaren Azterlanean (IEA), onartzen da linea elektrikoaren trazadurak eragin larria izango duela ibarbasoko espezieentzat eta hegazti nekrofagoentzat, eta arriskua oso larria izango dela espezie horien habitatak izango duen narriadura handiagatik. Horren ondorioz, espezie horiek desagertu egingo dira, bisoi europarraren kasuan, funtsezko habitata galduko delako eta hegazti nekrofagoen kasuan, elektrokuzioak eta talkak izango dituztelako.
Ingurune fisikoaren gaineko afektazioak: eragina lurzoruan eta uretako ekosistemetan
Linea elektrikoa eta dorretxoak eraikitzeko fasean lurzoruan eragingo diren kalteak ditugu horrelakoak. Bideak irekitzeak, ondoren zementatuko diren plataformak eratzeko helburuz lurra hondeatzeak, lurrak kentzeak, eraikuntza-materialak pilatzeak eta beste jarduera batzuek eragin onartezinak eragingo dituzte lurzoruan; horren ondorioz, lurzorua hondatuko da eta kalte egingo zaie bertako landarediari eta habitatari.
Linea elektrikoaren eraikuntzak leheneratu ezinezko hondamendia ekarriko die akuifero eta ibaiei, obraren tamaina dela eta, bai eta natura- eta fauna-interes handiko ibai eta eremu hidrografiko ugariri ere.
Paisaiaren gaineko eraginak: Proiektatu den linea elektriko horrek natura-ingurunearen eta bertako paisaiaren andeatzea ekarriko, eremu batzuk besteetatik isolatuz, paisaia zatikatuko baitu, paisaiaren jarraitutasuna hautsiko eta funtzio ekologikoei eta horien habitatari eragingo die.
Berrizko Udalerriko xehetasunak
Trazadura Oiz mendiaren hegoaldeko hegaletik doa, eta jarri nahi den lerroak bete-betean eragingo lioke udalerriko paisaian ondoen kontserbatuta dagoen eremuari, bai eta Sallobente, Mendibil, Andikoa eta Sarria landa auzoei. Horietan guztietan, eraikin bereziak eta kultura- eta ondare-balio handikoak daude.
Proiektuaren eremuan, udalerriko 157 baserri eta 412 bizilagun bizi dira, eta horiek goi tentsioko hiru aireko lineek sorrarazitako uhin elektromagnetikoen ondorioak pairatu beharko dituzte eta, jakina denez, higiezinen ondarearen balio-galera, erosteko eskaera nabarmen apalduko baita kutsadura elektromagnetikoko iturri horien inguruan bizitzeko gizarte-errefusa oso zabalduta dagoelako. Ez IEAn, ezta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ere, ez dago etxebizitza horiei buruzko aipamen bakarrra ere, eta ez da inola ere bermatzen proiektatutako azpiegiturak ez diela hango bizilagunei kalterik eragingo. Aurreikuspenen arabera, 13 euskarri egingo dira, 66,30 metroko garaia izango dutenak.
Mallabiko Udalerriko xehetasunak
Aretxua auzoa eta Ariño baserria proiektuaren esparruan daude. Ez IEAn, ezta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ere, ez dago horiei buruzko aipamen bakarrra ere, eta ez da inola ere bermatzen proiektatutako azpiegiturak ez diela hango bizilagunei kalterik eragingo.
Esandako linea eraikitzeak goitik behera baldintzatzen ditu udalerriko garapen jasangarria bultzatzeko egin daitezkeen ahaleginak, bertako paisaia- eta natura-balioa era itzulezinean hondatuko dituelako, eta garapen iraunkorreko udal-plangintza eta erabakia herren uzten ditu. Aretxuako biztanlegunek eta Ariño baserriak ezin onartuzko inpaktuak nozituko dituzte. Baserriak 400 kV-ko bi linea elektriko ditu dagoeneko inguruan. Horietako bat duela gutxi ezarritakoa da, “400 kV-ko energia elektrikoa garraiatzeko aireko linea, zirkuitu bikoitzekoa, Gueñes-Itxaso” izenekoak, ez ditu ingurumen-inpaktuaren adierazpenan jasotako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak bete; izan ere, adierazpenean ezarri zen instalazio berriek, gutxienez, 500 metroko distantzia gorde behar zutela herriguneetara, eta 100 metrokoa isolatutako etxebizitzetara, baina laurogei bat metrora jarri dute aipaturiko Ariño baserritik
Elkarren artean hain hurbil dauden goi-tentsioko hiru linea egoteak eragin handia du inguruko paisaian, eta, gainera, San Torkuato baseliza dago bertan, ondare-multzo arkeologikoa osatzen duena Mallabiko Ariño baserritik oso gertu. 54,38 metroko garaiera daukan euskarri bat altxatzea aurreikusten da.
Garaiko Udalerriko xehetasunak
Proiektuaren esparruan, etxebizitza ugari daude Goierri auzoan eta San Migel auzoan, goi-tentsioko linearen inguruan. Ez IEAn, ezta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ere, ez dago etxebizitza horiei buruzko aipamen bakarrra ere, eta ez da inola ere bermatzen proiektatutako azpiegiturak ez diela hango bizilagunei kalterik eragingo.
IEAn ez dago inolako aipamenik linea elektrikoak Garaiko paisaiaren balioan eta ingurunean sorraraziko dituen eraginei buruz. IEAn ez da kontuan hartzen paisaia-balioa, eta lineak ingurune horretan eragingo dituen eraginak gutxiagotzen dira, inolako justifikaziorik gabe. Trumoitako gotorlekuak, Etxeitako arteak eta Momoitioko San Juan ermitak zein nekropoliak paisaia-triangelu bikaina osatzen dute Garaiko udalerrian. Horregatik, linea elektrikoa eraikitzeak eragin oso larria izango du hiru elementu horiek osatzen duten paisaia-multzoan, eta eragin hori onartezina da.
Nabarmendu behar da Garaiko udalerrian 6 euskarri ezarriko direla, 74,38 metrorainoko garaierakoak, eta lurzoruan eragin onartezina izango dutela, euskarri horiek eraikitzeak eta euskarri horiek ezarriko diren guneetaraino iristeko behar diren bideak irekitzeak eragindakoa.