Nekazaritzarako makinak eta erremintak alokatzeko zerbitzua abiatu du Urkiola LGAk

Anboto 2024ko eka. 26a, 14:53

Durangaldeko nekazariak Urkiolak LGAko ordezkariekin.

Durangaldeko nekazaritza ekoizpena sustatzeko helburuagaz ipini dute martxan egitasmoa, eta dagoeneko 11 nekazari batu dira. Zerbitzua erabiltzeko interesa duten nekazariek idatziz egin behar dute eskaria Urkiola LGAn.

Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak (Urkiola LGA) nekazaritzarako makinak eta erremintak alokatzeko zerbitzu "berritzailea" abiatu du, "Durangaldeko nekazaritza-ekoizpena hobetzeko" helburuagaz. Martxan jarritako zerbitzuaren bitartez, "ustiapenen ekoizkortasuna, jasangarritasuna eta errentagarritasuna handitzeko" aukera eman dezakeen ekipamendua erabiltzeko modua dute nekazariek. Dagoeneko 11 nekazarik egin dute bat ekimenagaz.

Zerbitzua erabiltzeko interesa duten nekazariek idatziz egin dezakete eskaria Urkiola LGAgaz hartu-emanean jarrita. 

Entzute prozesu baten emaitza

2023ko udaberrian Durangaldeko lehen sektoreari egindako entzute prozesu baten emaitza dugu proiektua hau, Urkiola LGAko ordezkariek azaldu dutenez. "Iaz 24 elkarrizketa egin zitzaizkien azpisektore ezberdinetako baserritarrei eta lehentasunak ezarri ostean proiektu honekin hasteko erabakia hartu zuten elkarregaz Urkiola LGAk eta baserritarrek". Prozesua amaitugabe dagoela argitu dute, eta datozen urteetan elkarlanaren emaitzak ezartzen joango direla.

Landa-eremuaren egoera ekonomiko eta sozialak bultzatu du Urkiola LGA jarduera ekonomikoa hobetzeko estrategiak sustatzera, bereziki lehenengo sektorean. Halaxe jakin eragin dute elkarteko kideek. "Nekazaritza sektorea modernizatzea ezinbestekoa da sektoreak epe ertain eta luzean irauteko, eta oso garrantzitsua da lanerako metodoen eta teknologiaren eboluzioa". Bide horretan, gogoratu dute hainbat jarduera gauzatu dituztela azken urteetan, "Durangaldean nekazaritza-jarduera bizi, dinamiko, errentagarri, jasangarri eta ingurumenarekiko arduratsua zaintzeko eta mantentzeko jarduerak", zehaztu dutenez. 

Makinak alokatzeko zerbitzu honen kudeaketa zuzena Urkiola LGAk egingo du, baina lan batzorde bat eratuko dela iragarri dute, "hobetzen joateko". Durangaldeko nekazaritza modernizatzeko "urrats garrantzitsua" dela nabarmendu dute: "Tokiko nekazariei laguntzeaz gain, epe luzean, sektorea jasangarria eta errentagarria izan dadin laguntzen du".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!