Herritarrek erabakiko dute Iurreta eta Durango lotzen dituen oinezkoentzako zubi berriaren izena

Anboto 2024ko eka. 24a, 13:49

Iurreta eta Durangoko alkateak eraikitako zubi berrian.

Durangoko eta Iurretako udalek bi herriak lotzen dituen zubi berriaren izena erabakitzeko parte hartze prozesua zabaldu dute. Bi herrietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Ekainaren 28ra arte iraungo duen lehenengo fasean herritarren proposamenak batuko dira.

Durango eta Iurreta lotzen dituen zubi berriaren izena erabakitzeko parte hartze prozesua abiatu dute bi udalek. Bi herrietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek izango dute prozesu horretan parte hartzeko aukera. 45 metroko luzera duen zubia altzairu moztuz dago eraikita, eta bi herrian arteko mugikortasuna "hobetzea" du helburu. Iurretako bidegorria eta Durango-Landako bidegorriagaz lotzen du.

Lehenengo fasea da orain zabaldu dutena. Ekainaren 28ra bitartean, herritarren proposamenak jasoko dituzte. Durangoren kasuan, partehartu.durango.eus atariaren bitartez bideratu daitezke proposamenak; Iurretarrek, bestalde, HAZn, okindegian, harategian eta botikan jarritako postontzien bitartez helarazi ditzakete. Proposamenarekin batera, PDF formatuko argazkiak eta fitxategiak aurkeztu daitezke, hautagaitza babesteko. Argitu dutenez, proposamen iraingarriak, legez kontrakoak edo gorrotoa sustatzen dutenak prozesutik kanpo geratuko dira.

Bigarren fasean proposamenak aztertu eta lehenetsiko dira.Dagokion udal-sailak jasotako proposamen guztiak berrikusiko ditu, eta ezarritako irizpideak betetzen dituztenak hautatuko ditu. Baliozko proposamenak bozketa-fasera pasatuko dira.

Udal arduradunek nabarmendu dutenez, ez da onartuko delituak egin dituzten pertsonen izenik, objektuak izendatzen dituzten proposamenak proposamenak euskaraz izan behar dute, eta ez da zenbakizko izenik onartuko. "Proposatutako izenak udalerriari egin behar dio mesede, eta ez interes partikularrei, eta gehienez 30 karaktere izango ditu. Ez da izen mingarri edo iraingarririk onartuko", gaineratu dutenez. Proposamenak justifikazio zehatza izan behar du, gehienez 1.500 karakterekoa.

Azkenik bozketa-fasea abiatuko da. Uztailaren 8an baldintzak betetzen dituzten proposamenak argitaratuko dira, eta  irailaren 9tik 15ra bitartean herritarrek bozkatzeko aukera izango dute. Ondoren, zerrenda argitaratuko da, boto kopuruaren arabera ordenatuta. Boto gehien jaso dituen proposamena izango da zubi berriaren izena.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!