Atzoko hauteskundeak igarota, Europako Parlamentua beste bost urterako berrituko da laster. Bruselako legebiltzarrak eskuinera egingo du, alderdi ultraeskuindarrek izandako gorakadaren ondorioz. Frantzian gertaturikoa horren isla garbia da. Marine Le Pen buru duen Batasun Nazionalak bozak irabazi ditu Frantzian, eta horren ondorioz, Macron presidenteak Asanblada Nazionala desegin eta hauteskunde orokorrak deitu ditu. Ekainaren bukaeran edo uztailaren hasieran izango dira Frantziako hauteskunde nazionalak. Ipar Euskal Herriari dagokionez ere, Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarra izan da babesik handiena izan duen aukera politikoa. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 158 udalerrietatik 92tan alderdi ultra izan da garaile. Besteak beste, Baionan, Uztaritzen, Kanbon edo Urepelen gailendu da.
Hego Euskal Herrian Alderdi Sozialista izan da garaile. Sozialistak indarrik bozkatuena izan dira Nafarroan, Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan, aldiz, EH Bildu nagusitu da. Eta datuak Euskal Autonomia Erkidegora eramanda, koalizio subiranista izan da indar politikorik babestuena. EH Bilduk Orain Errepublikak izeneko koalizio multzoan txertatu du bere eskaintza politikoa, Pernando Barrena hautagaia tartean zela. Barrenak eurodiputatu izateko txartela eskuratu du. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko maparekin segituta, EAJ hirugarren postuan kokatu da. Jeltzaleak bigarren indarra izan dira Bizkaian, hirugarrena Gipuzkoan, eta laugarrena Araban. Edozelan ere, Oihane Agirregoitiaik bere ordezkaritzari eutsi dio. Horrenbestez, jeltzaleek ahotsa izango dute Bruselan CEUS koalizio multzoaren baitan.
Eskualdeko emaitzak
EH Bildu eskualdeko udalerri guztietan izan da garaile, Garain izan ezik. Bertan EAJk irabazi du. Grafiko interaktiboa honako lotura honetan kontsultatu daiteke.
Europako emaitzak